Yolanda Arrieta omenduz irekiko dute Geure Gelatik

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 25a

Hainbat lagun iazko Geure Gelatik azokan. (Andoni Elduaien)

Emakume idazleen liburu azokak hartuko du Azkoitiko Elkarguneko Oteiza aretoa hiru egunez. Bihar hasiko da azoka, Yolanda Arrieta omenduta, eta hainbat aurkezpen eta ekitaldi izango dira larunbat eguerdira bitartean. Maxixatzen euskara elkarteak bonuak kaleratu ditu aurten ere.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatutako Geure Gelatik emakume idazleen euskarazko liburu azokak bihar irekiko ditu ateak. Ohiko bidetik, berrikuntza diren zenbait idazleren lanak aurkeztuko dituzte Elkarguneko Oteiza aretoan, eta antolatzaileek idazle bat omenduz zabalduko dute azoka; aurten, Yolanda Arrieta omenduko du Maxixatzen elkarteak. Bihar eta etzi, 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute azoka, eta larunbatean, 10:00etatik 14:00etara. 

Miren Agur Meabe idazleak jaso zuen iazko azokan Maxixatzenen aitortza, eta aurten, Meabek berak emango dio oroigarria Arrietari. Arrietak, besteak beste, haurrei eta gazteei bideratutako literaturan sakondu du; lan horri esker jaso zuen 2015ean haur eta gazte literaturaren Euskadi saria, Argiaren alaba liburuarekin. Ordea, helduei zuzendutako liburuak ere idatzi ditu hark. Guztira, hamabost lan baino gehiago argitaratu ditu Arrietak 2009. urteaz geroztik. Azkena iaz kaleratu zuen: Memoria berriak. Hain zuzen, bere ibilbideagatik omenduko du Maxixatzenek Arrieta aurten, baina baita idazleak urtez urte azokan erakutsi duen "prestutasunagatik" ere: "Azoka antolatzen hasi ginenetik Arrieta beti egon da gure ondoan; urtero parte hartu izan du modu batera edo bestera, eta beti egon da laguntzeko prest. Urtez urte erakutsi digun prestutasuna eskertu nahi diogu aurten berari", adierazi du Maxixatzenek.

Aurkezpen ugari

Omenaldiaren ondoren, Meaberen eta Arrietaren arteko solasaldia izango da aretoan, eta, horren ostean, zenbait liburu aurkezpen egingo dituzte Elkargunean bertan hiru egunez, liburu horien egileen solasaldiekin tartekatuta: 2022an Geure Gelatik azokan omendua izan zen Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila liburua aurkeztuko du bihar bertan; ostiralean, Katixa Agirre izango da Barne zerbitzuak eleberria aurkezten; segidan, Edurne Lazkano azpeitiarraren eta Gema Lopez azkoitiarraren txanda izango da, itzultzaile horiek euskaratutako Terraza debekatua eta Barazkijalea nobelez arituko baitira biak hizketan; azkenik, larunbatean Bizitza baten txatalak aurkeztuko du Onintza Enbeitak. Larunbat eguerdian itxiko dute Geure Gelatik azoka, azken urteetan bezala, 2 Minutu lehiaketako saridunen lanen irakurketarekin.

Dena ez da izango solasaldia eta aurkezpena, ordea; izan ere, Maxixatzen elkarteak euskal literaturako berrikuntzak diren liburuak ere salduko ditu Elkargunean, helduei eta haurrei zuzendutakoak. Gainera, liburuen salmenta areagotzeko asmoz, Geure Gelatik liburu azokarako bonuak kaleratu ditu aurten ere Maxixatzenek; hamar euroko balioa duten bonuak bost eurotan jarri ditu salgai elkarteak. Bonuak eskuratu nahi dituenak maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora idatzi edo 675 85 71 11 telefono zenbakira Whatsapp mezu bat bidali beharko du.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatu ohi du emakume idazleen euskarazko liburu azoka, eta ildo horretan, berdintasunaren aldeko "konpromisoa" erakutsi du erakundeak: "Berdintasuna arlo guztietara eramateko konpromisoa dugu, eta Geure Gelatik liburu azokak emakumea eta literatura, emakumea eta sormena, uztartzeko aukera ematen digu, emakume idazlearen figurari ikusgarritasuna emanez eta hori goraipatuz. Horregatik, hasieratik egin genuen liburu azoka honen aldeko apustua, eta urtez urte sendotzen ari da egitasmoa", esan du Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagak.

Egitaraua

Bihar, osteguna

  • 18:00. Yolanda Arrietari omenaldia, Miren Agur Meaberen eskutik.
  • 19:00. Arantxa Urretabizkaiaren Zahartzaroaren maparen bila liburuaren aurkezpena, Julen Garatek lagunduta.

Etzi, ostirala

  • 18:00. Katixa Agirreren Barne zerbitzuak liburuaren aurkezpena, Irene Elortzak lagunduta.
  • 19:00. Edurne Lazkano eta Gema Lopez, Terraza debekatua eta Barazkijalea liburuak aurkezten, Aitor Arrutiren laguntzarekin.

Martxoak 28, larunbata

  • 11:00. Onintza Enbeitaren Bizitza baten txatalak liburuaren aurkezpena, Josune Herrartek lagunduta.
  • 12:00. Iazko 2 Minutu lehiaketan saritutako lanen irakurketa eta azokaren itxiera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide