Harrera oso ona izan du San Martin auzoari buruzko dokumentalak

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 25a

Herritar ugari atzo Baztartxon, dokumentalaren egileen azalpenak entzuten. (Julene Frantzesena)

San Martin auzoa sortu zela 100 urte direla eta, auzoa eta auzotarren bizipenak oinarri dituen dokumentala ondu dute Javier Beristainek eta Mari Karmen Elorzak, Monika Torresen eta Joseba Beristainen laguntzarekin. Atzo estreinatu zuten lana Baztartxo antzokian, ehundik gora lagunen aurrean.

Azkoitiko San Martin auzoaren izanari buruzko dokumentalaren emanaldiak bildu zituen atzo ehundik gora lagun Baztartxo antzokian. Auzo horren historia ez ezik, auzotarren bizipenak ere jaso dituzte Javier Beristainek eta Mari Karmen Elorzak ikus-entzunezkoan, eta atzo izan zen haren estreinaldia –auzotarrek abenduan ikusi ahal izan zuten lana, Elkargunean–. Hain zuzen ere, auzoa sortu zela 100 urte betetzen direlako egin dute ikus-entzunezkoa.

Emanaldiaren aurretik hitza hartu zuten lanaren egileek, eta haiek eskerrak eman zizkieten partaide guztiei; orotara, 23 lagun aritu baitira, era batera edo bestera, dokumentala ontzen. Halaber, ikus-entzunezkoa egiteko prozesua azaldu zuten horiek, baita San Martin auzoaren sorreratik gaur egunera arteko historia ere.

Elorza, Beristain eta Torres atzo, dokumentalaren gaineko azalpenak ematen. (Julene Frantzesena)

San Martin auzoan jaiotako Beristainek eta Elorzak dokumentala garatzeko bidelagun izan dituzte Monika Torres irudigilea eta Joseba Beristain musikaria; hain zuzen ere, horiek denek egindako lanaren emaitza da San Martin auzoko bizilagunentzat egin duten lana.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide