Le Ballet de L'Opera National du Capitole de Toulouse konpainiak Sémiramis / Don Juan ikuskizuna taularatuko du apirilaren 12an, 19:30ean, Kursaalen. Christoph Willbalden musikan oinarrituta, Angel Rodriguezek eta Edward Clugek egin dituzte koreografiak. Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Azkoititik dantza emanaldi hori ikustera joan nahi dutenek doako autobus zerbitzua izango dute joan-etorrirako.
Kursaal Eskurak antolatutako garraio zerbitzu guztietan bezala, doako autobusa erabili nahi dutenek ikuskizunerako sarrera erosi behar dute lehenbizi kursaal.eus webgunean; 52 euro balio du sarrera garestienak, eta 11 merkeenak. 30 urte artekoek zein langabezian dauden herritarrek, ordea, ikuskizunerako sarrerak ere udaletxean erreserbatu behar dituzte, autobuseko joan-etorriarekin batera. 3 eurotan lor dezakete sarrera gazteek eta langabetuek; sarrera autobusarekin batera erreserbatu ondoren, kontzertuko egunean Kursaaleko leihatilan ordainduko dute horiek sarrera, adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatuta, beti ere.
Azkoitia eta Donostia arteko joan-etorrirako autobusean izena emateko, berriz, udaleko Kultura sailera bertaratu, 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu edo kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi beharko da. Horretarako azken eguna martxoaren 30a izango da.
Apirilaren 12an, 17:30ean irtengo da autobusa Azkoititik, Eroski txikiaren ondoko geltokitik.
Antolatzaileek adierazi dutenez, gutxienez 15 pertsonako taldea osatzen ez bada, eskaintza bertan behera geratuko da, eta erositako sarreren dirua itzuliko dute.