Gaztetxoek lau haizetara zabalduko dute euskararen aldarria biharko Korrika Txikian

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 25a

23. Korrika Txikia, Auzmendi kalean. (Iraia Oteiza)

Ikastetxeek Zuazola, Auzmendi eta Trino Uria kaleak zeharkatuko dituzte aurrena, eta Balda plazatik plazara arteko bidea egingo dute gero. 15:30ean hasiko da hitzordua, baina eguraldiak baldintza dezake festa. Bihar goizean erabakiko dute Korrika Txikia egin ala ez.

Datorren zapatuan, hilak 28, iritsiko da 24. Korrika Azkoitira; 18:30 inguruan espero da euskararen aldeko egitasmo erraldoia herriko lurretan sartzea. Ordea, hitzordu berezi horren atarian, Floreaga, Xabier Munibe eta Bizilore eskoletakoak kalera aterako 24. Korrika Txikia egitera. 15:30ean abiatuta, Euskara gara lelopean zeharkatuko dituzte herriko kaleak.

Floreaga Ikastetxearen paretik abiatuko da Korrika Txikia, zehazki, Zuazola kaletik. Xabier Munibe ikastolaren atzeko aldetik igaroko dute parte hartzaileek kale hori, eta segidan, Auzmendi kalera joko dute. Kale hori osorik gurutzatuko dute, eta Trino Uria kaletik Alde Zaharrera joko dute gero. Balda plazan eta Plazaberrin barrena antxintxika eginda iritsiko dira plazara. Guztira, hamar lekuko hartze egingo dituzte ikastetxeek; eskuz esku emango diote elkarri gero plazan irakurriko duten manifestua. Ekitaldia amaitutakoan, 17:30 inguruan, Diskorrika izango da plazan, jaia musikak eta dantzak girotuta borobiltzeko.

Nolanahi ere, eguraldi iragarpenei so daude Azkoitiko AEK-koak eta eskoletako ordezkariak, eguraldiak baldintza baitezake biharko Korrika Txikia; izan ere, euriaren kasuan bertan behera utziko dute hitzordua. Korrika Txikia egin ala ez bihar bertan erabakiko dute AEK-koek eta eskoletako ordezkariek. Ordea, Diskorrika egin, egingo dute; herriko plazan izan beharrean, Berdura Plazan egingo dute euria egiten badu. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide