Gutuna

Hondamendia Juaristin: 97 langiletik 34ra

Juaristi enpresako komitea 2026ko martxoaren 24a

Hainbat lagun duela hilabete batzuk Juaristi-Aitek enpresen egoera salatzeko egindako manifestazioan.

Juaristi lantegiko langileen ordezkariek honako gutun hau bidali dute Gukaren erredakziora, gaur egun bizi duten egoera azaltzeko. Lan gatazka hasi zenetik, langileen erdiek enpresa utzi dutela adierazi dute, eta egoerak "okerrera" egiten segitzen duela salatu. Aurreikuspenak ere ez dira batere onak: "Amaiera triste baten aurrean gaudela erakusten du gaur egungo egoerak".

Azkoitiko Juaristi enpresaren egoera gero eta larriagoa da. Urte eta erdi eskasean plantillak beherakada handia izan du: 97 langiletik 34ra pasatu da, eta joerak okerrera egiten jarraitzen du.

Langileen ordezkarien arabera, egoera horrelakoa izaten hasi zenetik tailerra ia jarduerarik gabe egon da, banketxeekin lortutako ustezko finantza akordio baten zain. Hala ere, akordio hori ez da inoiz iritsi, eta enpresaren jarduna ia geldirik egon da denbora guzti honetan.

2025eko maiatzean enpresak Lana Erregulatzeko Aldi Baterako Txostena aplikatu zien langileei, proiektuak garatzeko beharrezko finantzaketarik ez zegoela argudiatuta. Sei hilabete igaro ondoren, egoerak ez zuen hobera egin, eta abenduan beste sei hilabetez luzatu zuten neurri bera. Denbora horretan, langileen arabera, egoerak nabarmen egin du okerrera.

Egoeraren larritasuna ikusita, irailean hainbat erakunderekin harremanetan jarri zirela azaldu dute langileek: Azkoitiko Udaleko alderdi politikoekin, alkatearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko sustapen ekonomikoko arduradunekin eta Eusko Jaurlaritzako industria arduradunekin. Helburua enpresaren egoeraren berri ematea eta etorkizunerako irtenbidea bilatzeko laguntza eskatzea izan da. Hala ere, langileen esanetan, egindako saiakerek ez dute emaitzarik izan, enpresaren jabearekin harremanetan jartzeko ahaleginek ez dute emaitzarik eman.

Abenduan, gainera, lan harremanen amaiera eskatzeko epaiketak hasi ziren. Horren ondorioz, enpresako plantilla 70 langiletik 34ra jaitsi da. Egungo aurreikuspenen arabera, joera horrek bere horretan jarraituko du, eta ekainean 26 langile geratuko dira enpresan, horietatik bederatzi epaiketaren zain.

Hala eta guztiz, zuzendaritzaren aldetik ez dute enpresaren etorkizunari buruzko informaziorik jaso. Enpresaren jabe den Carlos Juaristiren aldetik egoera bideratzeko edo plantillaren galera saihesteko ez da inolako proposamenik, bilerarik edo komunikaziorik egon.

Bestalde, enpresaren jarduerari dagokionez, abenduan hamahiru makina egiteko eskaerak zeuden aurrerakinak kobratuta, baina finantziazio eta material faltagatik ezin izan dira fabrikatu. Hiru hilabete geroago, kopuru hori zortzi makinara jaitsi da, eta horietako batzuk ere bertan behera geratzeko arriskuan daude. Beste eskaera guztiak, berriz, bezeroek bertan behera utzi dituzte, eta enpresak jasotako aurrerakinak itzuli beharrean aurkitzen da.

Horrez gain, enpresaren sare komertziala ia deseginda dago. Ordezkaritza edo kolaboratzaile batzuek auzitara jo dute, eta beste batzuk sektore bereko enpresetan hasi dira lanean.

Egoera oso larria da langileen ordezkarien arabera, eta zuzendaritzaren utzikeria nabarmena eta onartezina dela salatu dute. Langileak, bezeroak, ordezkari komertzialak eta hornitzaileak erabat baztertuta daude, eta enpresak zor ekonomiko handiak pilatu ditu langileekin, ordezkari komertzialekin, bezeroekin, garraiolariekin, hornitzaile ugarirekin eta banketxeekin.

Langileok ahal dugun guztia eta gehiago egin dugu Juaristi aurrera ateratzeko, baina zuzendaritzaren utzikeriak, gardentasun faltak eta etengabeko oztopoek gure ahalegin guztiak zapuztu dituzte. Onartezina da, zuzendaritzaren kudeaketa arduragabearen ondorioz, 85 urtez makina erremintaren munduan erreferente izan den enpresa apurka-apurka itzaltzen uztea. Gaur egungo egoerak amaiera triste baten aurrean gaudela erakusten du, eta, gainera, guztiz saihestu zitekeen gainbehera baten adibide argia da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide