Azkoitiko Udalak bihar, asteazkena, martxoko ohiko udalbatzarra egingo du udal bilkura areto nagusian (18:00). Askotariko gaiak izango dituzte hizpide EAJko, EH Bilduko, Azkoitia Bai-ko eta PSE-EEko udal taldeek. Horien artean, Aroa plana onestea izango dute xede, euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko 2026-2036 urteetarako Eusko Jaurlaritzak marko estrategikoa.
Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) hamar urtean egon zen indarrean, 2012-2022 urteen artean, hain justu. Plan horrek aurreikusten zuen bezala, 2022an plangintzaren ebaluazioa egin zuen Jaurlaritzak eta ESEP berritzeko batzorde-atal berezi bat jarri martxan Euskararen Aholku Batzordearen barruan. Batzorde horrek bi urtean garatu zuen Aroa plana. Marko berriaren helburu nagusia da gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketei erantzutea eta gaur egungo testuinguru eleaniztunean euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, gizarte bidezkoagoa eta justuagoa eraikitzeko.
Puntu horrez gain, baina, bestelako gaiak ere landuko dituzte biharko udalbatzarrean, tartean kontu ekonomikoak eta izapide gaiak. Ohi bezala, biharko udalbatzarra ere zuzenean jarraitu ahal izango da Azkoitia Guka webgunean. Hona hemen udalaren biharko udalbatzarreko gai zerrenda:
- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.
- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 2 zenbakidun espedientearen onespena.
- Azkoitiko udalaren zerbitzura diharduten langileen 2026 ekitaldiko ordainsarien igoera onartzea.
- Azkoitian Aroa, euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko marko estrategikoa 2026-2036 planaren onespena.
- Azkoitiko Udala eta Zubiaurre-Elkargune Institutuaren 2025eko aurrekontuaren likidazioaren kontu-hartzailearen txostenen eta Alkatetza Dekretuen berri ematea.
- Entitatearen finantza iraunkortasunaren azterketa eta ebaluazioari buruzko, 2025eko likidazioak egonkortasuna ez betetzeagatik diruzaintzako gerakin erabiltzearen ondorioz, kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea.
- Behin betiko onespenen berri ematea.
- Aurrekontuari buruzko informazioa.
- Galde-erreguak.