Azkoitiko Trino Uria kalean su hartu du etxebizitza batek. Hain zuzen ere, kale horretako zazpigarren zenbakidun ezkaratzeko zazpigarren solairuko etxebizitza batek hartu du su 13:00 inguruan. Udaltzaingoa, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak bertaratu dira gertaeraren lekura. Udalak Gukari jakinarazi dionez, pertsona bat zauritu da erredurekin, eta ospitalera eraman dute.
Udalak azaldu duenez, su hartu duen etxeaz gain zenbait kalte jasan dituzte alboko eta beheko etxebizitzek ere. Aldiz, ganbarako solairuan ez du kalte nabarmenik izan. Eibarko (Gipuzkoa) eta Azpeitiko suhiltzaileak aritu dira sua kontrolatzeko lanetan, eta une honetan (14:45) kontrolpean dute egoera.
Segurtasun arrazoiak medio, bizilagunak beren etxeetatik kanpo egon dira zenbait orduz; ezin izan dute hara sartu 14:45 ingurua arte. Hori hala, udalak arreta eskaini die zenbait bizilaguni, eta aurrez jazo diren antzerako kasuetan bezala, bazkaria eskaini die. Dena den, bebarru horretako beheko etxebizitzetako bizilagunak hasi dira beren etxeetara itzultzen.
Suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak lanean ari dira. (A.E.)