Gaztetxea aldarrikatzeko ekimenak gauzatzen jarraitzen du AGAk

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 21a

Goizean, 'Kaleak hartuz, gaztetxea lortu' dioen murala margotu zuten Julio Urkixo etorbidean. Arratsaldean, berriz, haurrentzako skate ikastaroa eta DJen emanaldiak izan ziren Goiko Losan.

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) hainbat ekintza egin zituen atzo, ostirala, herrian. Hiru hitzordu zituzten antolatuta, goizez eta arratsaldez gauzatzeko. Goizari ekiteko, 11:00etan mural bat margotu zuten Julio Urkixo etorbidean zenbait urtez zabalik izan zen Lidl supermerkatu zaharraren hormetako batean. Kaleak hartuz, gaztetxea lortu margotu zuten, kolore zuri-gorriz.

Arratsaldean, berriz, Goiko Losan elkartu ziren. Aurrena, 6 eta 16 urte bitartekoentzako skate ikastaroa egin zuten, eta hainbat haurrek izan zuten skatean trebatzeko aukera aukera AGAko kide batek lagunduta. Bestalde, DJen emanaldia ere izan zen, eta lagun ugari bildu ziren haren bueltan.

AGAk azken asteetan gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko hainbat ekintza antolatu ditu, eta atzokoak ere asmo hori gauzatze aldera antolatu zituzten.

(Argazkiak: Azkoitiko Gazte Asanblada)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide