Eguzkik ohar bidez jakinarazi duenez, talde ekologistak proposamen tekniko bat erregistratu du Azkoitiko Udalean, Urola ibaiaren ertzetan babes saretak jartzea eta ibaiak herrian duen ibilgua garbitzea eskatuz. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoan zehar barreiatuta dauden hondakin pilaketak prebenitzea eta egoera zuzentzeko jarduketak finantzatzea helburu duen dirulaguntza lerro bat onartu berri du, eta Eguzkik "dirulaguntzak aprobetxatzeko asmoz" egin dio eskaria udalari.
Talde ekologistaren arabera, dirulaguntza horien "fokua" da kostaldeko, ibaietako, lehorreko edo lurpeko edozein eremu lehengoratzea. Dena den, deialdiak baditu zenbait baldintza: dirulaguntzak esleituko dituzte baldin eta hondakin horiek ur ingurunera zuzenean isuri badira edo ur korronteek zein haizeak eramanda ailegatu badira. Aldundiak 125.000 euroko aurrekontua bideratuko du lanketa horiek gauzatu nahi dituzten erakundeen artean. "Aldizkariak nabarmentzen duenez, itsas ingurunera hondakinak isurtzea mundu mailako arazo gero eta handiagoa da,. Hondakin horien %80 lehorretik dator, neurri handi batean udalerrietan dagoen kontzientziazio falta eta kudeaketa desegokia delako", adierazi du Eguzkik.
Hondakinak prebenitzeko programaren barruan, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Integralak ingurunean barreiatutako hondakinak prebenitzera eta murriztera bideratutako jarduera lerro bat jasotzen du. Hain justu, jarduera horien azterketa egin du Eguzkik, eta azaldu du aldundiak dirulaguntzak emateko egin duen foru deialdiaren balorazio irizpideetan soilik hamar puntu ematen dituela prebentzio neurriak jartzeak. Eguzkiren aburuz, horrek "zaildu" egiten du laguntza jaso ahal izateko eskatzen den gutxieneko 40 puntuko balorazioa lortzea, eta horregatik, udalari proposatu dio eskaera bakar eta integral bat aurkeztea; Eguzkik nahi du Azkoitiko Udalak ibaiaren ibilgua garbitzeko eta ibai ertzetan saretak jartzeko lanak proiektu bakar batean bateratzea.
Ekologisten arabera, eskaera bakar bat eginda 45 puntuko "oinarri sendoa" jasoko luke proiektuak. "35 puntu jasoko lituzke garbiketa lanengatik, eta hamar prebentzioagatik. Balorazio teknikoa gehituta, aldundiak aurrekontu osoaren %50-%70 artean finantzatuko luke, gutxi gorabehera. Horrela, gainera, aurrekontu betebeharra dena aldundiak aldi berean finantzatutako ingurumen hobekuntzarako aukera bihurtuko litzateke", adierazi du ekologista taldeak.
Eguzkik uste du "aukera ezin hobea" duela udal gobernuak oposizioarekin adostutako 18.000 euroko partida "modu eraginkorrean" gauzatzeko. "Kopuru hori 2026ko aurrekontuetan txertatu zuen udal gobernuak oposizioarekin lortutako akordioari esker. Estrategia horrek dirulaguntza lortzea ziurtatzeaz gain, foru finantzaketa maximizatzen du. 18.000 euro horiekin saretak jar daitezke prebentzio neurri gisa, eta ibaiaren ibilgua garbitzeko asmo handiko kanpaina bat egin, udalaren diruzaintzako euro bakoitza optimizatuz".