Lidergoa eskura jarri zaio Anaitasunari azken hondarrean irabazita

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 20a

Gorritxoak Galder Guemberen gola ospatzen. (Anaitasuna)

Txerloian Oiartzun hirugarren sailkatuaren aurka jokatutako lehia gogorrean, 95. minutuan lortutako golari esker lortu du Anaitasunak garaipena (3-2). Orain, Real Union liderra puntu bakar batera dute gorritxoek.

Partida gogorra, itxia eta emozioz betea jokatu zuten Anaitasunak eta Oiartzunek atzo, osteguna, Txerloian. Etxekoek azken unean hautsi zuten norgehiagoka. Bisitariek hasieratik baldintzatu zuten neurketa, defentsan sendo jarri eta markagailuan aurrea hartu eta gero. Anaitasunak, ordea, ez zuen amore eman: baloiaren jabetza bereganatu, erritmoa ezarri, eta sufrimendu handiz bada ere, luzapenean egindako gol ikusgarri batekin lortu zuen Gipuzkoako Ohorezko Mailako lidergoa esku-eskura jarri dion garaipena.

Bisitariek bere joko estiloari muzin egin zioten Txerloiko erronkari aurre egiteko; baloiarekin protagonismoa bereganatu nahi izan ohi duen taldeetako bat da Oiartzungoa (Gipuzkoa), baina atzo Anaitasunari ahalik eta zirrikitu gutxien uzten saiatu ziren. Hein handi batean, beren zelaian sartu ziren. Nolanahi ere, kontuak nahikoa ondo atera zitzaizkien. Goiz hartu zuten markagailuan aurrea haiek; 11. minutuan, Anaitasunako atzeko lerroko jokalarien artean izan zen gaizki ulertua ezin hobeto baliatu zuten Oiartzungoek huts eta batekoaren gola egiteko. 

Barbadorenek baloiarekin jokatu behar izan zuten nahitaez. Jokoan nagusi izan ziren, eta atzoko deman proposatu nahi izan zutena proposatu zuten, baina Oiartzungoak beren area ertzetan ondo pilatuta zeudenez, asko kostatu zitzaien gorritxoei gol aukerak sortzea. Anaitasunak jokoa aurkariaren area barruraino eraman ez zezan, oztopo bat baino gehiago eragin zuten bisitarien atzeko gizonek, eta halabeharrez, hegaletatik baloia behin eta berriro erdiratuta saiatu ziren gorritxoak aurkariari lanak ematen. Atsedenaldira markagailuan atzetik joan baziren ere, Barbadoren taldearen sentsazioak onak ziren.

Bigarren zatiari ekimen handiarekin ekin zion Anaitasunak. Indarrez Oiartzun baino gehiago izan zen partidaren bigarren erdiko minutuetan, eta hori agerian gelditu zen zelaian. Etxekoek beste pauso bat eman zuten aurrera, eta hala, mendean hartu zuten aurkaria. Bost minuturako berdindu zuten gorritxoek lehia, Galder Guembek egindako golari esker. Korner batean landutako jokaldia gauzatu zuten Barbadorenek, eta aldaratzean baloia Guemberen oinetan erori ostean, sareetara bidali zuen hark. 

Handik amaierara arteko 35 minutuak luze joan ziren Txerloian. Oiartzunek ere izan zuen korner jokaldi batean berriro aurretik jartzeko abagune garbi bat, baina Jokin Errazu erdiko atzelariak atepetik urrundu zuen baloia. 86. minutura arte itxaron behar izan zuten Txerloian bildutako zaleek Anaitasuna aurretik ikusteko. Aimar Guembek area barrura erdiratu zuen baloia, eta Oihan Etxanizek buruz egin zuen gola. Gola egin eta berehala, eta ikusita, partida azken unean zela, Barbadok bosteko lerroa ezarri zuen atzean, bisitariek goiko jokoaren bidez egin zitzaketen saiakerak eteteko. Oiartzungo taldeak, baina, segituan lortu zuten neurketa berdintzea. Hegaletik baloia Anaitasunako atzelarien eta Alain Sudupe atezainaren artean zen zulora erdiratuta lortu zuten binakoa egitea. 

Kolpea handia izan zen, eta areago, taldea zelaian sufritzen ari zen. Partida puntu banaketarekin amaituko zela zirudien, baina kanpokoek Anaitasuna erasaten jarraitu zuten. Ordea, gorritxoek erraietatik atera zituzten azken indar hondarrak, eta Oiartzungoen zelaira luze jotako baloi baten ostean iritsi zen taldearentzat ezinbestekoak ziren hiru puntuak batzeko gola. 95. minutuan, Errazuk atzetik luze jokatu, Julen Aramendik baloia ez sinesteko moduan kontrolatu, egundoko korrikaldia egin eta baloia azpi-azpitik erdiratuta, Hicham Hazim aurrelariak egin zuen gola. Txerloiak eztanda egin zuen orduan. 

Zelaia festa giroan lehertu zen; izan ere, Anaitasunak asko zuen atzo jokoan. Real Union liderrak Tolosaren aurka etxean 1-1 berdindu zuen goizean, eta Anaitasuna jakitun zen irabaziz gero sailkapenean haiengandik puntu bakar batera kokatuko zela. Eta halaxe izan zen. Real Unionek Txerloian bakarrik galdu du aurtengo sasoian, lehen jardunaldian; Anaitasunak, berriz, bestelako bide bat egin du. Ordea, Barbadorenak iritsi da liderrari orpoak zapaltzera: 57 puntu ditu Real Unionek eta 56 puntu Anaitasunak. Gainera, eta ez garrantzi gutxiagokoa, Oiartzun hirugarren sailkatua Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko borrokatik jokoz kanpo utzi du Anaitasunak ia-ia, bederatzi puntura urrundu eta gero. Itxura guztia du azken zortzi jardunaldietan Irungoen (Gipuzkoa) eta Azkoitikoen artekoa izango dela igoera lortzeko dema. 

Euskal Ligako emakumeen taldeak, bestalde, datorren igandean jokatuko du Ugaon (Bizkaia) etxeko Ugao taldearen aurka; partida 18:00etan hasiko da.

Honako lotura honetan ikus daitezke Anaitasunaren emaitzak, egutegia eta sailkapena. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide