Atletismo munduaren begirada guztiak Azkoitia eta Azpeitia artean izango dira zapatuan

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 19a

Lasterketa burua, iaz, Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorrian. (Andoni Elduaien)

Ohi bezala, 16:05ean hasiko dituzte omenaldiak, eta 16:30era bitartean abiatuko dira probako hiru lasterketak. Lasterketak irabazteko hautagai ugari izango dira Azkoitiko irteera lerroan, eta etxeko nahiz nazioarteko erbiak haien helburuak bete daitezen erbi lanetan laguntzen. Aurten, 25 urte beteko dira Diego Garcia hil zela, eta urteurren horretan inoiz baino lagun gehiagok parte hartuko dute korrika.

Etzi, zapatua, jokatuko dute Azkoitia eta Azpeitia artean Diego Garcia korrikalari azkoitiarra omentzea xede duen 33. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia. Azkoitiko Julio Urkixo etorbideko 40. zenbakian abiatuko dira proba horri lotutako lasterketa guztiak, eta Azpeitiko Loiolako Ignazio etorbidean amaitu, Hotel Loiola atarian. Parte hartze handia izango du aurten probak; izan ere, inoizko parte hartzaile gehien elkartuko dira Azkoitia eta Azpeitia artean korrika egiteko. 1.300 lagunek eman dute izena, guztira, maratoi erdirako, eta 700 batek lasterketa motzerako.

Lasterketei ekin aurretik, ohiko omenaldia-eta egingo dituzte Azkoitian. 16:05ean ekitaldia egingo dute Diego Garcia, Alejandro Gomez eta Jone Basterraren omenez, familien parte hartzearekin eta ohorezko aurreskuarekin. Aurten, gainera, 25 urte dira Garcia hil zela, eta modu berezian oroituko dute Azkoitiko korrikalari ospetsua. Dena den, Sahatsa dantza taldeak ere antolatzaileen aitortza jasoko du zapatuan. Dantza taldeak 50 urte beteko ditu aurten, eta hori hala, hango ordezkari guztiek omenaldia jasoko dute. Gainera, haiek botako dute zortzi kilometroko lasterketari ekiteko suziria. 

Ekitaldi horien guztien ondotik iritsiko da lasterketan garaia. 16:15ean hasiko da lasterketa motza; 16:28ean gurpildun partaideena; eta 16:30ean maratoi erdia. Nazioarteko maratoi erdi horretan, azken urteetan bezala, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin elkarlanean. Hori hala, maratoi erdiko lehen bost gipuzkoarren artean antolakuntzak 3.000 euro banatuko ditu. 

Irabazteko hautagai ugari

Korrikalari herrikoiak eta elitekoak elkartzen dituen lasterketa da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia; hori da lasterketa honek urtez urte hedatu nahi izan duen esentzia. Aurten, Urolako Trena maratoiko antolatzaileekin batera, Otso enpresaren bitartez zenbait atleta kenyarren parte hartzea bermatu dute; izan ere, iaz Azkoitia-Azpeitia probakoek hainbat arazo izan zituzten Kenyako atletak lasterketara ekartzeko. 

Gizonei dagokienez, Mark Kosgey Kiptook, Victor Kinpgetich Cheruiyotek, Denis Kipkoechek, Reuben Mosin Mosip, Daniel Lemaiyan Sankei eta Artur Bossy izango dira Azkoitia-Azpeitian. Emakumeetan, berriz, Purity Chepchirchir Kipkoech, Caren Jeruto, Esther Chemtai Sichei eta Vivian Jelagat Rop, Irene Sanchez eta Elena Loyo.

Izen horiek guztiak antolatzaileek aurrez aurreratutakoak dira, baina azken egunetan izen berri gehiago ere baieztatu dituzte antolatzaileek. Haiek adierazi dute "sorpresa atsegina" izan dela Silvia Rey korrikalariaren izen ematea. Reyk aurten Bartzelonako maratoi erdian 01.14.04 marka lortu du, eta horrekin Espainiako 23 urtez azpiko errekorra ezarri. Marka hori hobetzeko asmoz etorriko da Azkoitia-Azpeitia probara, bere anaia gaztearen laguntzarekin. Bestalde, Diana Wanza kenyarra ere irteerako lerroan izango da, bisatuarekin zituen arazoak konpondu eta gero. Wanzak aurten Indian 01.08.46 denbora lortu du, eta hura hobetzea du xede. 

Erbi lanetan, besteak

Nazioarteko korrikalari horien guztien erronkak betetzen laguntzeko erbi lanetan ere hainbat eta hainbat lagun arituko dira. Tartean izango dira etxeko korrikalariak: Joseba Diaz eta Imanol Larrañaga azkoitiarrak eta Julen Azpiazu azpeitiarra. Diaz eta Larrañaga gizonekin arituko dira lanean eta Azpiazu emakumeekin lehen kilometroetan. Hain justu, antolatzaileek eskertu egin dute hiru lagun horiek erbi lanak egiteko erakutsi dituzten "prestutasuna" eta "laguntza".

Dena den, Roberto Alaiz goi mailako korrikalariarena da nabarmentzeko beste izen bat. Alaizek izango du lasterketa burua ordubeteko erritmoan gidatzeko ardura, maratoi erdia erritmo azkarrean eta iraunkorrean bideratuz. Leongo (Espainia) atletak hainbat hitzordu handitan parte hartu du bere ibilbidean zehar: 2016ko Europako Txapelketan urrezko domina eskuratu zuen 3.000 metro oztopoen proban; urte berean, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan jokatu zen 3.000 metro oztopoen proban ere izan zen; Europako Kros Txapelketetan hainbat domina irabazi ditu Espainiako selekzioarekin; eta, era berean, Espainiako Txapelduna da bi modalitate horietan.

Lasterketaren zerbitzuak

Lasterketari lotutako zerbitzu gehiago ere eskainiko dituzte antolatzaileek. Aurten, dortsal guztiak agortu dira eta horiek ohiko dendetan jaso ez dituztenek lasterketa egunean irteera puntuan bertan jaso ahal izango dituzte, 12:00etatik 16:00etara bitartean. Bestetik, korrikalariak Azpeititik Azkoitira eramateko autobusak ere jarriko dituzte antolatzaileek: lehena 14:30ean aterako da Ikasberriko biribilgunetik, eta azkena, 16:00etan. Horrez gain, korrikalariek Azpeitiko igerilekuko dutxak eta aldagelak ere erabili ahal izango dituzte. 

Bisita eta boluntarioak

Lasterketak arratsaldeko hitzorduak dira, baina goizean ere izango da Azkoitia eta Azpeitia artean zer ikusia eta zer gozatua. Urola Turismoaren eskutik, 10:00etan, bisita gidatua egiteko aukera izango dute herritarrek Loiolako Turismo Bulegotik Diego Garciaren eskulturara. Aurrena, korrikalari azkoitiarraren berri emango dute, eta gero, Loiolako santutegia ezagutzeko aukera eskainiko dute. Antolatzaileek adierazi dute bisita doakoa dela, baina aurrez 688 75 94 29 telefono zenbakira deitu behar dela izena emateko.

Lasterketan lagundu nahi dutenentzat, berriz, galdetegi bat zabaldu dute antolatzaileek. Haiek nabarmendu dute boluntarioen laguntza ezinbestekoa izango dela bihar eta, eta oraindik badutela horretarako premia. Hori hala, honako lotura honetan dagoen galdetegia bete beharko dute laguntza eskaintzeko prest dauden herritarrek. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide