Boluntarioen bazkaria, San Jose egoitzako astearen ekuatorean

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 19a

Lagun ugari elkartu zen atzo egoitzan, egoiliarrekin batera bazkaltzeko. (Udala)

San Jose Astearen erdia ospatu dute, baina oraindik hainbat ekintza dituzte egiteko. Gaur, San Eguneko bazkari berezia izango dute; bihar, seiko urre karta joko txapelketa eta merienda; eta etzi, Bizkargi eskolakoen bisita. 

San Jose eguna da gaur, martxoaren 19a, eta Azkoitiko San Jose egoitzan aste berezia ari dira bizitzen. Joan den astelehenaz geroztik, hango San Jose Astea ari dira ospatzen, askotariko ekintzak eginez. Atzo, asteazkena, Boluntarioen Eguna ospatu zuten, eta ohi bezala, parrokiako nahiz musika saioetako boluntarioen eta udaleko ordezkarien bisita jasoko zuten egoiliarrek.

Guztiek batera bazkaria egin zuten, eta besteak beste, han izan ziren Ana Azkoitia alkatea, Sonia Vazquez Gizarte Ongizate zinegotzia eta Asier Altuna EH Bilduko bozeramailea. Haiek Nekane Plazaola San Jose egoitzako zuzendariarekin eta Felix Azurmendi erretorearekin batera bazkaldu zuten. Bazkalostean, Iñaki Basabe abeslariak eta Kike Perez biolin jotzaileak girotu zuten egoitza, haiek egoiliarrei ezagunak zaizkien hainbat eta hainbat abesti jo zituzten eta.

Ezkerretik eskuinera, Altuna, Vazquez, Plazaola, Azkoitia eta Azurmendi (Udala) 

San Jose Astea iritsi da bere ekuatorera; izan ere, gaur, bihar eta etzi izango dituzte ospakizunen bueltako azken ekintzak. Gaur, batetik, San Jose eguneko bazkari berezia egingo dute. Bihar, berriz, Sendien eguna izango da egoitzan; aurrena, seiko urre karta txapelketa egingo dute, eta ondoren, merienda senitartekoekin. Etzi amaituko dute astea, eta orduan, Bizkargi musika eta dantza eskolakoek eskainiko dute emanaldia egoiliarren aurrean.  

Hona hemen gaur, bihar eta etzi egoitzan izango duten egitaraua: 

Hilak 19, osteguna, San Jose eguna:

  • 13:00. Bazkari berezia. 

Hilak 20, ostirala, Sendien eguna:

  • 11:00. 33. Seiko Urre txapelketa. 
  • 17:00. Merienda senitartekoekin.

Hilak 21, zapatua:

  • 17:00. Bizkargi musika eta dantza eskolakoen bisita. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide