Trafikoan aldaketak eta errepide mozketak izango dira larunbat arratsaldean, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia dela-eta

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 18a

Hainbat korrikalari hasiera puntuan, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren edizio batean.

15:30etik 17:30era bitartean izango dira aldaketa horiek. Ordu tarte horretan itxita izango dira Julio Urkixo kalea, Kale Nagusia nahiz Ibaiondo kalea. Halaber, autobusak ez dira herrigunera sartuko bi orduz, eta geldialdiak Txerloian nahiz Altzibarren egingo dituzte.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia dela eta, trafikoan aldaketak eta errepideetan mozketak izango dira zapatuan, martxoaren 21ean, 15:30etik 17:30era bitartean. Azkoitiko herrigunean Julio Urkixo kalea, Kale Nagusia nahiz Ibaiondo kalea itxiko dituzte, eta trafikoa Auzmendi kaletik bideratuko dute, bi norantzatan.

Herrira sartzeko, berriz, Txerloiko biribilgunetik Ugarteigarango igerilekuetara joan beharko dute ibilgailuek, eta handik, Auzmendi kalera. Azpeitira joateko ere bide berbera erabili beharko da, gainera. Bestalde, Azkoitia eta Zumarraga arteko GI-631 errepidea zabalik izango da une oro.

15:30etik 17:30era, bi orduz, garraio publikoa ere ez da Azkoitiko herrigunera sartuko. Hain zuzen ere, autobusek Txerloiko biribilgunean eta Altzibar etorbidean egingo dituzte geldialdiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide