Greba eguneko arratsaldean ere izan da protestarako tarterik Azkoitian. 18:30ean hasita, elkarretaratzea egin dute herriko plazan, eta dozenaka lagun elkartu dira Gutxieneko soldata hemen erabaki, LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko zihoen pankartaren atzean.
Greba orokorrak herrian izan duen arrakasta nabarmendu dute elkarretaratzean, enpresa eta saltoki gehienek bat egin dutelako lanuztearekin. Hala, eskerrak eman dizkiete greba egunarekin nahiz mobilizazioekin bat egiteko saltokietako pertsianak itxi dituzten herritarrei, jarduerak bertan behera utzi dituztenei, grebarekin bat egiteko egokitu egin behar izan dutenei nahiz lanuztearekin bat egin duten mugimendu eta eragile sozialei.
"Gaurko greba orokorrak garaipen berrien atea irekitzeko balioko du, gutxieneko soldata hemen erabakitzeak ehunka mila langileren diru sarreretan zuzenean eragin dezakeelako, eta baita guztion bizitzetan ere. Indar honekin garaipen berriak ez dira berandutuko", adierazi dute.