Gutuna

Manten dezagun Martirietako auzo elkartea bizirik

Martirietako auzo elkartea 2026ko martxoaren 18a

Martirietako auzo elkartearen ataria.

Martirieta auzo elkartea ixtea erabaki zuten duela aste batzuk, baina bazkide talde batek hura zabalik mantentzeko azken saiakera egin nahi du, eta herritarrei egin diete dei. Honako gutun hau kaleratu nahi izan dute:

Martirieta auzoko taberna itxi zenetik, auzotarrok ez genuen elkarrekin auzoan elkartzeko lekurik, eta horren harira etorri zen elkartea irekitzeko ideia: auzoko zaharrak igandetan elkarrekin elkartzeko aukera izan zezaten, gazteek elkarrekin goza zezaten, eta gure umeek elkar ezagutu nahiz elkarrekin jolastu zezaten.

Hamalau urte igaro dira elkartea ireki zenetik, eta harrezkero, zenbat urtebetetze ospakizun, familia bazkari eta bertso afari egin eta zenbat trikiti doinu, irribarre eta algara entzun ote ditugu gure txokoan!

Ordea, dena ez da bide leuna izan. Azken urteetan izen emateek asko egin dute behera, bertako jende askok eman du-eta baja bazkide zerrendan. Horren ondorioz, elkartea ixteko erabakia hartu zen duela aste batzuk elkartean bertan egin zen bileran.

Hala ere, bazkide talde batek elkartea mantentzeko saiakera egin nahi izan du. Ilusioz eta gogoz mantendu nahi dugu gure auzoaren esentzia.

Esentzia horren parte da Martitte elkartea. Eta beraz, zuri, hau irakurtzen ari zaren horri, Martitte elkartearen parte izan nahiko bazenu eta bertan bazkide izateko interesa bazenu, jakin ezazu beso zabalik hartuko zaitugula. Jarri harremanetan gurekin 636 15 43 37 (Oihana) edo 669 38 78 60 (Iñaki) telefono zenbakietara deituta. Ea denon artean Martitte elkartea errautsetatik sugarretara pasatzen dugun!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide