Autobusa antolatu dute 24. Korrikaren Bilboko amaiera ekitaldira joateko

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 18a

23. Korrika Azkoitiko Plazaberritik igarotzen. (Iraia Oteiza)

Bilbon amaituko da 24. Korrika, eta hara joateko nahiz handik itzultzeko autobusa antolatu du Azkoitiko Korrika batzordeak.  Bestalde, gaur itxiko dute Korrika Azkoititik igarotzen den egunean egingo duten herri bazkarirako txartelak erosteko epea. Datorren astelehenean, berriz, bilera egingo du Azkoitiko AEK-ko ordezkariek boluntarioekin.

Bihar, osteguna, hasiko da Atharratzen (Zuberoa) 24. Korrika, AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko egitasmo erraldoia, eta Bizkaiko hiriburuan, Bilbon, bukatuko da hil honen 29an. Euskara gara lelo hartuta, 2.500 kilometro inguru egingo ditu Korrikak Euskal Herri luze-zabalean. Azkoititik, berriz, Korrika Bilbora iritsi aurreko egunean igaroko da.

Egitasmoak Azkoititik egingo duen zeharkaldia motz gelditzen zaienek izango dute aukerarik Bilbora joateko; izan ere, Azkoitiko Korrika batzordeak autobusa antolatu du Korrikaren amaiera ekitaldira joateko. Hori horrela, plazak bete arte txartelak eskuragarri egongo dira Tta-kun tabernan eta Azkoitiko AEK euskaltegiaren egoitzan (Kultur Etxeko hirugarren solairua), bost euroren truke; hilaren 26ra arte salduko dituzte autobusek txartelak. Martxoaren 29an, igandean, 10:00etan aterako da autobusa Bilbora Julio Urkixo etorbidea 7 zenbakiaren alboko geralekutik, eta 29:00etan itzuliko da Bilbotik herrira. 

Bazkarirako izen ematea

Bestalde, Azkoitiko AEK-k gaur, asteazkena, itxiko du 24. Korrika igarotzen den egunerako antolatu duen herri bazkarirako izena emateko epea. Martxoaren 28an, larunbatez, 18:30 inguruan iritsiko da euskararen aldeko egitasmoa Azkoitira, eta haren aurretik, 14:30ean, "indarrak hartzeko" otordua egingo dute plazan.

Euskal Parrillakoek prestatuko dituzte helduentzako eta haurrentzako menuak. Helduentzat 25 euroko menua onduko dute haiek: entsalada mistoa, parrilan eretako baserriko oilaskoa eta txerri saiheskia, pasteltxoak, ogia, kafea eta edariak. Haurrentzat, berriz, iberikoak, urdaiazpiko kroketak, parrilan erretako oilaskoa, izozkia, ogia eta edariak eskainiko dituzte; 18 euro balio du haurrentzako menuak.

Herri bazkarirako txartelak Azkoitiko AEKren bulegoan (Kultur Etxeko hirugarren solairua) eta Dean tabernan ari dira saltzen, eta, hain justu, gaur da horiek eskuratzeko azken eguna. Gaur-gaurkoz, guztira, 320 lagunek eman dute izena bazkaltzeko, baina AEK-koek nahi dute herri bazkarian ahalik eta jende gehien biltzea, eta hori hala, herritarrak animatu dituzte azken egun honetan izena ematera.

Eskainiko dituzten bi menu horiez gain, gluten gabeko menua, laktosa gabeko menua edota menu beganoa eskatzeko aukera ere izango dute bazkarian parte hartu nahi dutenek. Horretarako, baina, txartel arrunta erosi beharrean, galdetegi bat prestatu dute AEK-koek; gaur bete beharko dute aukera hori eskatuko dutenek ere galdetegia.

Boluntarioekin bilera

Bestalde, 24. Korrika igarotzen den egunean boluntario bezala lan egiteko izena emanda daudenei zuzendutako bilera egingo dute datorren astelehenean, hilak 23, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, 19:00etan hasita. Herri bazkarirako mahaiak nahiz aulkiak jartzeko edo kentzeko, mahaiak bazkarirako atontzeko, plazan jarriko duten txosnan txanda bat egiteko edota sor daitezkeen bestelako lanetarako hainbat lagun daude izena emanda. Horiei guztiei zuzenduta egingo dute bilera.

Nolanahi ere, Azkoitiko AEK-k adierazi du aurrez izenik eman ez, baina martxoaren 28an eginkizun horietakoren batean lagundu nahi duenak datorren asteleheneko bileran parte hartu ahalko duela. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide