Azkoitiko AEK-k gaur, astelehena, jakinarazi ditu herriko eragileek 24. Korrikan lekuko hartzeak herriko zein puntutan egingo dituzten. Era berean, ibilbidearen nondik norakoen berri ere eman du euskaltegiak. Eragileek lekukoarekin egin beharreko tarteak ausaz banatu ditu AEK-k.
Martxoaren 28an, larunbatez, iritsiko da 24. Korrika Azkoitira, 18:30 inguruan, eta egun horretan hogei kilometro zati egingo ditu euskararen aldeko egitasmoak herrian barrena, hain zuzen, 3.092 kilometrotik 3.111 kilometrora. Azpeititik iritsiko da Korrika herrira, eta herrian, guztira, 44 eragile desberdinetako ordezkariek hartuko dute lekukoa. Munategiko biribilgunean lekukoa hartzen aurrenak Alberdi Mekanizatuak lantegiko eta Anaitasuna mendi bazkunako ordezkariak izango dira, eta Azkoitiko Gazte Asanbladakoak eta Azkoitiko GKSkoak eramaten azkenak.
Munategin lekukoa hartuta, maldan gora egin beharko da herriko aurreneko zatia, Santa Kutz auzoko bidegurutzera arte. Ugarteigaran igerilekuan Julio Urkixo etorbidera zuzenduko da Korrika gero, etorbide hori guztia zeharkatuko du Balda plazarako zubira iristeko. Plaza horretara iritsi orduko hartuko du 24. Korrikak Alde Zaharrerako bidea: Plazaberri, eliz ataria eta herriko plaza igaro beharko dituzte korrikalariek. San Martin kalera aterako dira Alde Zaharretik, eta Altzibar auzorako bidea hartuko dute han, hango aurreneko bidegurutzean saihesbidera zuzentzeko. Elgoibarrera zuzenduko dira saihesbidean zehar, Azkarate mendatean gora.
Hona hemen eragileen lekuko hartzeen zerrenda, hurrenez hurren:
- 3.092. kilometroa, Munategin: Alberdi Mekanizatuak eta Anaitasuna mendi bazkuna.
- 3.093. kilometroa, Santa Kutzeko bidegurutzea: San Jose egoitza eta Abarketatxo ludoteka.
- 3.094. kilometroa, Ugarteigarango igerilekuko bidegurutzea: Plaza Ondo elkartea eta Azkoitiko EH Bildu.
- 3.095. kilometroa, Etxe-Zuri baserriaren bidegurutzea: Xeye, AEK, Erniarraitz eta Maxixatzen.
- 3.096. kilometroa, Bilgunearen parean: Floreaga ikastetxea eta Alai Batza.
- 3.097. kilometroa, Balda plazarako zubian: Ama Madalen eta Guka.
- 3.098. kilometroa, eliz atarian: Muxuxo, Plazaola eta Um Blem Ble elkartea.
- 3.099. kilometroa, Aingeru kaleko bidegurutzea: Azkoitia BHI Indarlan guraso elkartea, Izarraitz LH eta Xabier Munibe komunitatea.
- 3.100. kilometroa, Altzibartxo tabernaren bidegurutzea: Tropela elkartea eta Bulego taldea.
- 3.101. kilometroa, Oteiza frontoietako biribilgunea: Matadero Ekintzak eta Txirtiriki.
- 3.102. kilometroa, Xurdoneko etxea: Pitxilorak eta Txintxarri.
- 3.103. kilometroa, Egurbide errota parea: Aldapa eta 85eko neskak.
- 3.104. kilometroa, Olasoko bidegurutzea: Anaitasuna futbol taldea eta Azkoitri.
- 3.105. kilometroa, Azkarateko maldaren lehen zatia: Herrixen elkartea eta 79ko seinorak.
- 3.106. kilometroa, Azkarateko malda erdialdea: Basokerrak, Oteiza pilota elkartea eta Dean Team.
- 3.107. kilometroa, Azkarate malda goiko zatia: Bizilore eskola eta Txulue pilota elkartea.
- 3.108. kilometroa, Azkarate mendateko zubi amaiera: Azkoitiko Udala.
- 3.109. kilometroa, Azkarate errepide zaharreko bidegurutzea: Josu Trikiti eta Azkoitiko Laboral Kutxa.
- 3.110. kilometroa, Azkarate errepide zaharreko zubipea: Danobat kooperatiba eta Umore Ona.
- 3.111. kilometroa, Azkarateko tunel hasiera: Azkoitiko Gazte Asanblada eta Azkoitiko GKS.
Peto banaketa, etzi
Bestalde, herriko eragile horiek guztiek etzi, asteazkena, jaso beharko dituzte 24. Korrikan lekukoa hartzen dutenean jantzi beharko dituzten petoak. 18:30etik aurrera jaso beharko dituzte eragile horiek guztiek petoak, Elkarguneko Altzibar aretoan.