Buru osasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko programa berri bat abiatuko dute herrian

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 16a

Elkar Laguntza programaren aurkezpeneko irudia. (Iraia Oteiza)

Aurretik buru osasun arazoren bat izan duen, baina jada errekuperatu den pertsona batekin, era guztietako emozioak, kontuak nahiz kezkak partekatuko dituzte programan parte hartzen dutenek, "buru osasun arazoren bat duen pertsona, arazo bera izan duen beste batek ulertzen baitu ondoen". Programa martxan jarri aurretik, martxoaren 24an, informazio saioa eskainiko dute ekimenaren xehetasunak hobeto azaltzeko.

Munduko Osasun Erakundearen arabera, lau pertsonatik batek buruko nahasmenduren bat izango du bizitzan zehar. Hori horrela, buru osasunari lotutako arazoak dituzten pertsonei zuzendutako programa bat jarriko dute abian Azkoitian, Elkar Laguntza izenekoa. Agifes, Buru Osasun Arazoak dituzten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteko kolaboratzaile talde batek bultzatu du ekimena, eta udalarekin elkarlanean, Aste Santuko oporraldiaren ostean jarriko dute programa martxan. 

Veronica Pazos Agifeseko harreren eta boluntarioen programen koordinatzaileak, Idoia Azkoitia Elkar Laguntza programako bitartekariak, eta Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak prentsaurrekoa eman dute herrian programa abian jarriko dela iragartzeko eta haren nondik norakoak azaltzeko. "Aurretik buru osasun arazoak izan dituen, baina errekuperatu den norbaitek, bere esperientziatik abiatuta, eta berdinetik berdinera, une zaila igarotzen ari den beste batzuei lagunduko die programa aitzindari honen bitartez", adierazi dute. Laguntzeko dagoen pertsona hori "buru osasuneko arazo batetik igaro den bidelaguna izango da, eta harekin era guztietako emozioak, kontuak nahiz kezkak partekatzeko aukera egongo da; ondorioz, antzeko egoera bat bizitzen ari dena lagunduta, ulertuta eta zainduta sentituko da". Laguntzeko pertsona horri laguntza agente deituko diote. Hala, taldean bilduko dira laguntza agentea eta buru osasunari lotutako arazoren bat duten herritarrak, "buru osasun arazoren bat duen pertsona, arazo bera izan duen beste batek ulertzen baitu ondoen". 

Programaren helburu nagusietako bat "itxaropena transmititzea" da. Gaineratu dutenez, "ez dago ezer itxaropentsuagorik erronkei aurre egin ahal izateko hurbileko beste adibide batzuk ikustea baino”. Gainera, garrantzitsutzat jo dute "diagnostikoa, gaixotasunaren mezua eta etiketak alde batera uztea, patologian zentratu ordez, arreta guztia pertsonan jartzeko, eta errekuperazioaren kontzeptua eta lengoaia lantzeko".

Agifesek 2017an jarri zuen martxan ekimen aitzindari hau. Azkoitian, programa martxan jarri aurretik, informazio saioa eskainiko dute, eta bertan ekimenari buruzko informazio zehatzagoa eskainiko dute. Saioa martxoaren 24an izango da, 19:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan, Idoia Azkoitia programaren bitartekariaren eta Mikel Merino laguntza agentearen eskutik. Informazio saioaren ondoren, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Izen emate kopuruaren arabera, aurrerago zehaztuko dute laguntza saio horiek non eta noiz izango diren. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide