M-17 greba orokorra

Biharko greba egunak eragina izango du Azkoitian

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 16a

Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea eta soldata hori 1.500 eurokoa izan dadila aldarrikatzeko deitu dute biharko grebara hainbat sindikatuk. Hainbat mobilizazio izango dira bihar goizean zein arratsaldean herrian.

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba eguna deitu dute biharko, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabakitzea eta soldata hori 1.500 eurokoa izan dadila aldarrikatzeko. Deialdi horrek eragina izango du Azkoitian ere, eta hainbat izango dira enpresetako, saltokietako eta zerbitzuetako ohiko jarduna geratuko dutenak edota ateak itxiko dituztenak.

Greba Batzordeak emandako datuen arabera, herriko honako eragile eta enpresa hauek batu dira greba deialdira, besteak beste: Murua, Intza, Sammic, Osatu, Erlo, Eroski supermerkatua eta Bizilore Eskola Aktiboa. Xabier Munibe ikastolan, berriz, ez dute jangela zerbitzurik emango. 

Autobus zerbitzu publikoan ere nabarituko da grebaren deialdia: La Guipuzcoanak jakinarazi duenez, zerbitzu batzuk ezeztatuta geratuko dira. Martxan egongo diren zerbitzuen aurreikuspena egin du enpresak, eta hemen kontsulta daiteke ordutegia. 

Udalaren zerbitzuak diren udaletxea, Aizkibel liburutegia eta Elkargunea, bestalde, irekita egongo dira bihar, baina erakundeak azaldu du grebak eragina izan dezakeela horien jardunean ere. 

Mobilizazioak, goiz eta arratsaldez

Greba Batzordeak, bere aldetik, hainbat mobilizazio antolatu ditu bihar egun osorako Azkoitian: 05:30ean pikete informatiboak Eroski supermerkatuaren aparkalekuan elkartuko dira, eta 08:30ean, kalejira egingo dute herriko plazatik hasita, grebari buruzko propaganda banatzeko. Arratsalderako hitzordua ere jarri dute: elkarretaratzea egingo dute 18:30ean, herriko plazan.

Donostian Pio XII.a plazatik 12:30ean irtenda egingo den manifestazioan parte hartzeko ere deialdia egin dute. Protesta horri lotuta, Urola Kostakoen zutabea Antigua auzoko tuneletik abiatuko da 11:30ean, Pio XII.era joateko.

Gukak, bestalde, grebaren jarraipen berezia egingo du bihar egun guztian zehar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide