San Jose egunaren bueltan ospatu ohi dute Azkoitiko San Jose egoitzan hango astea, eta gaurtik datorren larunbatera bitartean askotariko ekintzak egingo dituzte han bizi diren egoiliarrek, haien senideek eta langileek.
Gaur goizean Bizilore eskolakoekin bisita izan dute egoitzako egoiliarrek, eta haien eskutik olinpiadak eginez hasi dute astea. Arratsaldean, berriz, Xabier Munibe ikastolakoak joan zaizkie bisitan, eta gero, pintxoak jateko aukera izan dute. Bihar, asteartea, Floreaga ikastetxekoek itxiko dute herriko eskolek egoitzara egingo dituzten bisiten erronda. Arratsaldean, berriz, txokolatea txurroekin jateko aukera eskainiko diete, eta indarrak hartuta, bingo berezia egingo dute.
Asteazkenean, Boluntarioen eguna ospatuko dute San Jose egoitzan, eta ohi bezala, parrokiako nahiz musika saioetako boluntarioen bisita eta udaleko ordezkariena jasoko dute egoiliarrek. Guztiek batera bazkaria egingo dute, eta bazkalostean, Iñaki Basabe abeslariaren eta Kike Perez biolin jotzailearen doinuak eta abestiak entzuteko aukera izango dute.
Ostegunez egokitu da aurten San Jose eguna, eta egoitzaren izena daraman egunean bazkari berezia egingo dute han. Ostiralean, berriz, Sendien eguna izango da San Josen; aurrena, seiko urre txapelketa egingo dute, eta ondoren, merienda senitartekoekin. Zapatuan amaituko da San Jose egoitzako astea, eta orduan, Bizkargi musika eta dantza eskolakoek eskainiko dute emanaldia egoiliarren aurrean.
Hona hemen egitaraua osorik:
Gaur, astelehena:
- 11:00. Olinpiadak Bizilore eskolako ikasleekin.
- 16:30. Xabier Munibe ikastolakoen bisita.
- 17:30. Pintxoak.
Bihar, asteartea:
- 11:00. Floreaga ikastetxekoen bisita.
- 16:00. Txokolatea txurroekin.
- 17:00. Bingo berezia.
Etzi, asteazkena, Boluntarioen eguna:
- 11:00. Meza.
- 14:00. Parrokiako nahiz musika saioetako boluntarioekin eta udaleko ordezkariekin bazkaria. Bazkalostean, Iñaki Basabe abeslariak eta Kike Perez biolin jotzaileak Bizitza osoko abestiak izeneko emanaldia eskainiko dute.
Hilak 19, osteguna, San Jose eguna:
- 13:00. Bazkari berezia.
Hilak 20, ostirala, Sendien eguna:
- 11:00. 33. Seiko Urre txapelketa.
- 17:00. Merienda senitartekoekin.
Hilak 21, zapatua:
- 17:00. Bizkargi musika eta dantza eskolakoen bisita.