Ostarte eta euri artean, ia ehun umek osatu dute eskolarteko ibilaldi neurtua

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 16a

Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Anaitasuna mendi bazkunak elkarlanean antolatutako Eskolarteko 38. Mendi Lehiaketako Ibilaldi Neurtua egin zuten atzo goizean Azkoitian, eta mendizale gazteak Txalintxo eta Munoaundi inguruan ibili ziren. 

Goiza euripean esnatu bazen ere, ia ehun ume animatu ziren atzo goizean Eskolarteko 38. Mendi Lehiaketako Ibilaldi Neurtura, eta beste horrenbeste gurasoren laguntzaz osatu zuten haiek Azkoitiko hainbat txoko zeharkatzen zituen ibilbidea.

Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Anaitasuna mendi bazkunak elkarlanean prestatu zuten atzoko egitasmoa, eta Gipuzkoako zenbait ikastetxetako ikasleek parte hartu zuten ibilaldian. Euriak tarteka atseden ematen zuenez, mendizaleek laino eta ostarte artean igaro zuten goiza Munoandi eta Txalintxo inguruetan. Hain zuzen, bi ibilbide izan zituzten aukeran mendi ibilaldi neurtuan parte hartu zutenek: bi mendi horiek zeharkatzen dituen 9,16 kilometrokoa izan zen bata, eta Munoaundiri itzulia egiten dion 7,54 kilometrokoa, bestea. 

(Argazkiak: Anaitasuna mendi bazkuna)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide