Korrika Kulturalaren barruan, Azkoitiko AEK-ren eta Anaitasuna futbol taldearen elkarlanetik, Korrika Txikia egin dute gaur arratsaldean, igandea, San Juan futbol zelaian. Anaitasunaren harrobiko hainbat taldek beren asteburuko partidak jokatu dituzte han, eta haietako bat amaitu denean eta bestea hasi aurretik egin dute dozenaka haurrek antxintxika, Eraso guztiak geldituko ditugu! lelopean.
Azkoitiko AEK-koek gaurko hitzordurako prestatutako mezua irakurri ondoren hasi dira berdegune gainean lasterka dozenaka lagun. Anaitasunaren harrobiko jokalariak eta gaur Azkoitian bisitari izan diren Añorgako eta Debako (Gipuzkoa) jokalariek parte hartu dute egitasmoan, baita futbol zelaira arratsaldeaz gozatzera hurbildu diren lagunek ere.
Euskarak eskaintzen duen "su beroan", euskararen etxean, denentzat "ateak zabalik" daudela azpimarratu dute mezuan. Dena den, ohartarazi dute euskararen sua itzali nahi duten eraso guztiak gainditzeko prest direla. "Eraso guztiak gaindituko ditugu, orpokadaz, ezkerkadaz zein buruz, baliabide anitzekin eta guztiok euskaraz eginez. Izan ere, euskara da gure jokaldirik onena. Ikasle gara, euskaldun gara, kirolari gara, gorritxoak gara, euskara gara. Partida irabazi behar dugu euskaraz eginez, eraginez eta eginaraziz, nork bere tokitik eta eginbeharretik ekinez. Izan gaitezen bakarrak, izan gaitezen indarra, piztu da-eta Korrikaren garra", esan dute.
Lekuko hartzeen berri, bihar
Datorren ostegunean abiatuko da 24. Korrika Atharratzetik (Zuberoa), eta hil horren 29an amaituko da Bilbon. AEK-k Euskara gara lelopean zabalduko du aurten 11 egunez euskararen aldeko aldarria. Azkoititik, berriz, hilaren 28an, larunbatez, igaroko da. Hain justu, Azkoitiko AEK-k bihar, astelehena, jakinaraziko die herriko eragileei aurten lekuko hartzeak herriko zein puntutan egingo dituzten –hedabide honek zabalduko du herriko ibilbidea nork-non osatuko duen–. Datorren asteazkenean, berriz, eragile horiek beren lekuko hartzeetarako nahitaezkoak izango dituzten petoak jaso beharko dituzte, Elkarguneko Altzibar aretoan (18:30).