Eskalada zein kalistenia tailerrak eta pala txapelketaren finala, I. Kirol Egunak borobiltzeko

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 15a

I. Kirol Egunak antolatu ditu Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) asteburuan, herrian bizia duten kirolei ikusgarritasuna emateko eta kirola gazte guztientzat irisgarria izan behar dela aldarrikatzeko. Bi eguneko egitarauan hainbat ekintza egin dituzte: pala txapelketa, dantza emanaldia, K-1 erakustaldia, eskalada eta kalistenia tailerrak. Gaztetxe baten beharra nabarmendu dute haiek bi egunotan.

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) antolatuta, I. Kirol Egunak egin dituzte ostiralean eta zapatuan, Azkoitian. Ostiralean abiatu zuten egitasmo horri lotutako egitaraua, eta orduan AGAren I. Pala Txapelketaren finalerdi bat, Enara dantza eskolakoen emanaldia eta K-1 borroka kirolaren erakustaldia izan ziren. Atzo, zapatua ospatu zuten bigarren eguna, eta aterpean egin behar izan zituzten ekintzak, euria medio. 

Batetik, Elkargunean, eskalada eta kalistenia tailerrak egin zituzten, eta dozenaka lagun bildu zen bi ekintzetara. Bi kiroletan adituak diren gazteen eskutik jaso zituzten bai eskalada, bai kalistenia praktikan jartzeko gakoak, eta ondoren, bakoitzak bere erara landu zituen haiek emandako gomendioak. Nolanahi ere, gozatua hartu zuten parte hartzaile guztiek. Arratsaldean, berriz, pala txapelketaren finala jokatu zuten: Iñigo Uria-Clara Eizagirre eta Eneko Sarasua-Enara Salgado bikoteak nor baino nor gehiago aritu ziren Gurean, eta azkenean, Sarasua eta Salgado nagusitu ziren; azken bikote horrek jantzi zuten AGAkoek emandako txapela. 

Herrian bizia duten kirolei, kirol eragile txikiei eta bestelakoei "ikusgarritasuna" emateko asmoz egin ditu AGAk I. Kirol Egunak. Kirola aldarrikapenekin uztartzea izan dute xede gazteek; izan ere, haiek adierazi dute kirola "ezinbesteko aisialdi ekintza" dela, baina, era berean, horren eskaintza herrian "gero eta garestiagoa" dela. "Kirolak gazte langile guztientzat irisgarria izan beharko lukeela uste dugu", adierazi dute. Era berean, gazteentzako gune bat edo gaztetxea aldarrikatu zuten hitzordu horietan guztietan. "Bereziki azpimarratu nahi dugu ekintza horiek guztiak herriko kaleetan zehar egitearen arrazoi nagusia gaztetxe baten faltak eragiten duela. Gure aldarrikapenak kalean egin nahi ditugu, gaztetxe batek gazteriari, eta oro har, herriari, asko eskaini diezaiokeela erakusteko", esan zuten.  

(Argazkiak: Azkoitiko Gazte Asanblada)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide