Herrian bizia duten kirolei ikusgarritasuna emateko, abiatu dituzte Kirol Egunak

Ihintza Elustondo 2026ko martxoaren 14a

Azkoitiko Gazte Asanbladak antolatuta, lehen aldiz Kirol Egunak egiten ari dira Azkoitian. Atzo, pala, dantza eta K-1 borroka saioak egin zituzten, eta gaur jarraituko dute egitarauarekin: eskalada eta kalistenia tailerrak nahiz pala txapelketako finalak izango dira. 

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) antolatuta, I. Kirol Egunak egiten ari dira egunotan, Azkoitian. Herrian bizia duten kirolei, kirol eragile txikiei eta bestelakoei "ikusgarritasuna" emateko asmoz antolatu ditu AGAk lehendabizikoz Kirol Egunak. 

Atzo arratsaldetik gauera bitartean eta gaur goizez nahiz arratsaldez egingo dituzte ekintzak. Ostegunean, 19:45ean jokatuko zuten lehen finalerdia: Eneko Sarasua-Enara Salgado eta Odei Irigoien-Ihintza Imaz bikoteek jokatu zuten. Atzo, berriz, 17:30ean hasita jokatu zuten bigarren finalerdia: Iñigo Uria-Clara Eizagirre eta Diana Soares-Jokin Altuna bikoteek jokatu zuten.

Atzoko paletako finalerdiaren ostean, dantzaren txanda izan zen: Enara dantza eskolakoek emanaldia eskaini zuten Kontzejupean. Haur ugari aritu ziren askotariko dantzak plazaratzen, eta sekulako alaitasuna barreiatu zuten ikuskizunarekin publikoaren artean. Ondoren, K-1 borroka kirolaren erakustaldia izan zen, eta afaltzeko aukera ere izan zen.

Kirola eta aldarrikapena

AGAkoek aldarrikatu dute kirola ezinbesteko aisialdi ekintza dela, baina, era berean, horren eskaintza herrian "gero eta garestiagoa" dela salatu dute. "Kirolak gazte langile guztientzat irisgarria izan beharko lukeela uste dugu", adierazi dute. Era berean, AGAk Kirol Egunak baliatuko ditu gaztetxea aldarrikatzeko. "Bereziki azpimarratu nahi dugu ekintza horiek guztiak herriko kaleetan zehar egitearen arrazoi nagusia gaztetxe baten faltak eragiten duela. Gure aldarrikapenak kalean egin nahi ditugu, gaztetxe batek gazteriari, eta oro har, herriari, asko eskaini diezaiokeela erakusteko". 

Gaur ere jarraituko dute Kirol Eguneko ekintzekin. Hona hemen egitaraua:

Hona hemen datozen bi egunetarako egitaraua: 

Gaur, zapatua

  • 11:00. Eskalada eta kalistenia tailerrak. 
  • 18:00. AGAko pala txapelketaren finala. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide