Gazako genozidioa salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo, osteguna, herriko plazan. Atzo, gainera, bat egin zuten aldarri bera zuten bi hitzorduk, eta hori hala, elkarrekin egin zuten zenbait herritarrek deituta bi ostegunez behin Palestinaren alde plazan egiten duten ekimena eta hilero egin ohi duten Isilune Zirkulua.
Israelek eta AEBek Gazan egin duten genozidioaren aurrean, plazan bildutakoek salatu zuten segurtasun nazionalak eta "ezkutuko" helburu alderdikoiek ez dutela justifikatzen "herri anaia bat guztiz suntsitzea". Haientzat "premiazko lehentasuna" da nazioarteko zuzenbidea eta giza bizitza errespetatzea. "Israelgo Estatuak AEBekin elkarlanean egindako genozidioa eta garbiketa etnikoa salatzen ditugu", azpimarratu zuten.
Elkarretaratzean batu ziren herritarrentzat Gazan gertatzen ari dena ez da "defentsa"; haientzat "populazio zibilaren aurkako ankerkeria" da Palestinan gertatzen ari dena: "Gizatasun gabeko ankerkeria da ospitaleak, eskolak eta etxeak suntsitzea; gizatasun gabeko ankerkeria da gosearen, uraren nahiz medikuntzaren blokeoa gerrako arma krudel gisa erabiltzea; gizatasun gabeko ankerkeria da milaka haur eta emakume hiltzea nazioarteko zigorgabetasunaren aurrean; gizatasun gabeko bidegabekeria da Israelek garatu duen eta gaur egun ere martxan duen okupazio eta apartheid sistema".
Era berean, nazioarteko komunitateari ere zuzendu zitzaizkien plazan bildutakoak; haien jokabidea salatu zuten. Ekintza genozida horien guztien aurrean erakutsi duten "zigorgabetasuna" egotzi zieten nazioarteko herrialde horiei guztiei. "Onartezina da Europaren eta Mendebaldearen konplizitatea; gure gizateriaren gaitza da. Gobernu genozida batekin harreman diplomatikoak haustea eta berehalako zigor ekonomikoak eskatzen ditugu".
Gazako gerrarekin batera, Israelek eta AEBk Iranen aurka hasi duten gerra "bidegabea" ere izan zuten hizpide atzo. Gaitzetsi zuten Iranen aurkako erasoaldia "nazioarteko legezkotasunaren babesik gabea" dela, eta salatu Europak ez duela eraso horren salaketa irmorik egin. "Ankerkeria horiek gobernu diktatorialen eta bortitzen aurka gauzatzen direla esateak ez du justifikatzen genozidio gizagabe hori, ez zuzenbide aldetik, ez gizatasun aldetik", esan zuten.