Azpeitiko Ezkuztako zubiaren lanak tarteko, asteburuan GI-631 errepidea itxita egongo da puntu hori 40 orduz –zapatuko 06:00etatik igandeko 22:00etara–. Itxiera hori dela eta, Lurraldebusek atzo jakinarazi zuen autobus zerbitzuan izango diren aldaketak eta gorabeherak zein izango diren, eta ez dira gutxi izango.
Martxoaren 14 goizetik 15 gauerainoko aipatu 40 orduotan, erabat itxita egongo da Ezkuztako zubia ibilgailu pribatuentzat, eta Madalenako errepide zaharra ere ezingo dute erabili ibilgailu horiek. Izan ere, larrialdi zerbitzuetarako eta autobusen joan-etorrirako gordeko dute bide hori, zerbitzu publikoa eskaintzen duten ibilgailuek Azpeititik kostalderako eta alderantzizko sartu-irtenak egin ahal izan ditzaten. Hori dela eta, asteburu osoan zerbitzuan "atzerapenak aurreikusten" dituela jakinarazi du Lurraldebusek.
Zapatuan 06:00etatik 14:00etara, gainera, Madalena auzotik igarotzen den bidea ere itxi egingo dute. Tarte horretan, AP-8tik –Elgoibar eta Arroabeko lotuneen artean– ibiliko dira UK01 (Azkoitia-Donostia), UK03 (Azkoitia-Zarautz) eta UK06 (Zumaia-Zumarraga) lineetako autobusak. Hori dela eta, zapatuko 06:00ak eta 14:00ak artean Azpeitia eta Azkoitia zein Zestoa eta Arroabea lotzeko aparteko autobusak jarriko dituzte, anezka edo lanzadera zerbitzua eskaintzeko.
Era berean, Azpeitiko hiru autobus geraleku ezeztatuta geldituko dira Ezkuztako zubia itxita egongo den ordu horietan guztietan: Julian Elorza kalekoa, Euskal Burdinbidearen Museoaren ondokoa eta Lasaokoa. Azkenik, Zestoa eta Ermua lotzen dituen UK05 lineako 07:45eko autobusa ez da Zestoatik irtengo, Azpeititik baizik.
Aparteko autobusak eta aldaketak
Ondoko loturan kontsulta daitezke Lurraldebusek martxoaren 14rako eta 15erako aurreikusitako aldaketak.
Aldaketa berberak kontsulta daitezke beheko irudiotan ere:

