Korrika Txikia egingo dute igande arratsaldean San Juan futbol zelaian

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 12a

2024an Txerloian egin zuten Korrika Txikia. (Ane Olaizola)

Korrika Txikia antolatu dute AEK-k eta Anaitasuna futbol taldeak, Korrika Kulturalaren barruan. Igandean, Anaitasunaren harrobiko zenbait taldek San Juan futbol zelaian jokatuko duten partiden artean egingo dute Korrika Txikia, 17:15 inguruan.

Datorren ostegunean abiatuko da 24. Korrika Atharratzetik (Zuberoa), eta hil horren 29an amaituko da Bilbon. AEK-k Euskara gara lelopean zabalduko du aurten 11 egunez euskararen aldeko aldarria. Azkoititik hilaren 28an, larunbatez, igaroko da euskararen aldeko egitasmo erraldoia, eta haurren eta gaztetxoen artean giroa berotzen hasteko, Korrika Txikia egingo dute igandean.

Azkoitiko AEK-k eta Anaitasuna futbol taldeak elkarlanean antolatu dute igandeko hitzordua, Korrika Kulturalaren barruan. Azken urteetan Txerloia futbol zelaian egin izan dute Korrika Txikia, baina, aurten, San Juan futbol zelaian egingo dute euskararen alde antxintxika. Anaitasunaren harrobiko zenbait taldek partidak dituzte igande arratsaldean, eta partida horien artean, 17:15 inguruan, egingo dute Korrika Txikia, Eraso guztiak geldituko ditugu! lelopean. 

Zelaian zehar hainbat itzuli emango dituzte, eta amaieran, lekuko barruan gorderiko mezua irakurriko irakurriko dute. Gainera, Azkoitiko AEK-ko ordezkariak harmailetarako atean izango dira egun horretan bertan egingo duten zozketarako txartelak saltzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide