Agortu dira NA eta pasaportea egin edo berritzeko martxoaren 25eko hitzordu guztiak

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 11

Unitate mugikor batean berritzen dituzte NA eta pasaportea. (Goierriko Hitza)

NAa eta pasaportea Azkoitian bertan egin edo berritzeko 48 hitzorduak ordu gutxiren buruan agortu dira, udalak azaldu duenez. Erakundeak adierazi du bere asmoa dela zerbitzua "tarteka" herrian bertan eskaintzea.

Agortu dira NAa eta pasaportea Azkoitian bertan egin edo berritzeko hitzordu guztiak. Azkoitiko Udalak atzo, asteartea, jakinarazi zuen Espainiako Poliziaren unitate mugikorra hil honen 25ean Azkoitian izango dela NAa eta pasaportea ateratzeko zein berritzeko aukera eskaintzeko, baina ordu gutxiren buruan agortu dira 48 hitzorduak. 

Hitzordua hartu dutenei aurrez aurreko zerbitzua eskainiko diete herriko plazan, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Ordea, NA eta pasaportea eskuratzeko herritarrek tasak ordaindu beharko dituzte: 12 euro ordaindu beharko dira NAaren kasuan, eta 30 euro pasaportearenean. 

Erakundeak azaldu du Espainiako Poliziak zerbitzua "tarteka" herrian eskain dezan lan egingo duela. "Maiztasuna unitate mugikorraren egutegiaren eta gainerako udalerrien eskaeren araberakoa da. Udalak unitate mugikorra ekartzeko dauden egun libreak erreserbatzen jarraituko du, eta udalaren kanalen nahiz komunikabideen bidez jakinaraziko da unitate mugikor hori berriro herrian noiz izango den", azaldu du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide