Komedia eta beldurra uztartzen dituen Escape Room antzezlana taularatuko du Txalo Produkzioak ekoiztetxeak etzi, zapatua, Baztartxo antzokian. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, Zuhaitz Gurrutxaga, Nerea Gorriti, Iñigo Aranburu eta Oihana Maritorena aktoreak izango dira taula gainean. Ohi bezala 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak aurrez eros daitezke Entradium atarian, zortzi eta hamabi eurotan.
Haurtzarotik lagunak diren bi bikote dira antzezlaneko protagonistak. Lau lagunek, ondo pasatzeko asmoz, hitzordu bat jarri dute: escape room batera joango dira elkarrekin. Ordea, hara sartu eta atea hermetikoki itxiko zaie atea, eta orduan "atzera kontaketa" hasiko da: "Inork espero ez dituen gauza bitxiak pasatzen hasiko dira", dio sinopsiak. Egoeraren aurrean, jolasa "benetako infernu" bilakatuko da, eta lau lagunen arteko adiskidetasuna mugara iritsiko da.