NA eta pasaportea egin edo berritzeko aukera egongo da Azkoitian hilaren 25ean

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 10a

Espainiako Poliziak unitate mugikor bat jarriko du herriko plazan, eta guztira, 48 hitzordu emango ditu. Interesa dutenek hilaren 23ra bitartean har ditzakete txandak. 

Espainiako Poliziaren unitate mugikorra Azkoitian izango da hilaren 25ean, herritarrek herrian bertan NAa eta pasaportea ateratzeko zein berritzeko aukera izan dezaten. Plazan eskainiko dute zerbitzu hori, 09:00etatik 14:00etara bitartean, eta guztira, 48 hitzordu emango ditu. Hori hala, beharrezkoa da aurrez txanda hartzea udaletxean, hango Herritarren Arreta Bulegora joanda edo 943-08 00 80 telefono zenbakira deituta.

Hitzordua eskatzeko azken eguna hilaren 23a izango da, aurretik leku guztiak betetzen ez badira ere. Era berean, dokumentu bakoitzarentzat hitzordu bana hartu beharko da; hau da, NAa eta pasaportea egin edo aldatu behar badira, bi hitzordu hartu beharko dira. Aurrez aurreko zerbitzua izango da, eta herritarrek tasak ordaindu beharko dituzte: 12 euro NAaren kasuan, eta 30 euro pasaportearenean. 

Udalak azaldu duenez, Espainiako Poliziaren unitate mugikorrek finkoen baliabide tekniko eta material berak ditu dokumentazioa igortzeko, eta helburua da herrian zerbitzu hori ez duten herritarrei "arreta" ematea, joan-etorriak eragin ditzakeen "kalteak" saihestuz. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide