Garaipen itzela eskuratu zuen Anaitasunaren gizonen taldeak atzo, igandea, Txerloian. Loren Barbadok zuzendutako taldeak 6-0 hartu zuen mendean Elgoibar taldea. Garaipen handia nahiz balio handiko hiru puntu eskuratu zituen Anaitasunak, baina, garrantzitsuena dena, Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko hautagaitza sendotu du taldeak.
Aurrean, sailkapeneko goiko postuetan dabilen Elgoibar izan zuten atzo gorritxoek, Borja Rocha entrenatzaile azkoitiarraren taldea. Ordea, atsedenaldirako guztiz erabakita utzi zuen Anaitasunak lehia. Hegaletatik min handia egin zuen Barbadoren taldeak beste behin, eta atzo, golekin borobildu zituzten jokaldi asko. Esaterako, Julen Larramendik ezker hegaletik garatutako jokaldi baten ostean egin zuten gorritxoek arratsaldeko lehen gola; 12. minutuan Larramendik area barruan atzera egindako pasea baliatuta, sareetara bidali zuen Julen Aramendik baloia penalti puntuaren paretik.
Bigarren eta hirugarren golak, berriz, ordu erdia gainditu eta berehala egin zituen Anaitasunak. Korner jokaldi bat motzean jokatuta, Aramendik egin zuen erdiratzea area barrura, baina Elgoibarkoen atezainak urrundu zuen baloia hasiera batean. Ordea, aldaratzea Anaitasunak jaso zuen, eta baloia ezker hegalera jokatu zuten berriro, han baitzen Galder Guembe. Hark aurkaria atzean utzi zuen, ezkerrez goitik erdiratu eta Jokin Errazuk lortu zuen buruz bigarren gola egitea, 32. minutuan. Handik bi minutura egin zuten etxekoek hirugarrena. Berriz ere Galder Guembek eman zuen goleko pasea, baina oraingoa azpi-azpitik. Oihan Etxaniz bigarren zutoinaren parean agertu zen gola egiteko.
Emaitza halakoa izanda ere, Anaitasuna ez zen erlaxatu bigarren zatian. Aurreneko hogei minutuetan Elgoibarrek lortu zuen gorritxoek lehen zatian erakutsitako maila etetea, baina bigarren zatiaren bigarren erditik aurrera ez. 64. minutuan egin zuen Anaitasunak laugarren gola. Aimar Guembe eta Galder Guembe anaien artean josi zuten goleko jokaldia: gorritxoek eskuin hegalean hondoko lerroraino eraman zuten jokaldia, eta Aimar Guembek atzera pasea eginda, Galder anaiak egin zuen gola.
Azken bi golak, berriz, atzelariek egin zituzten. 74. minutuan, eskuin hegaletik falta erdiraketa itxia egin zuten gorritxoek, eta atezainari baloiak eskuetatik ihes egin ziola ikusita, zelairatu berria zen Aitzol Zubizarreta azpeitiarrak oparia baliatu zuen gola egiteko. Seigarren eta azken gola ere antzerako bidetik lortu zuen Barbadoren taldeak. Oraingoan, ezker hegaletik erdiratu zuten falta gorritxoek. Elgoibarkoen lerroa gainditu zuen Carlos Juaristik baloiarekin, eta baloi hura Unai Perezen oinetara iritsi zen. Erdiko atzelariak ez zuen alferrik galdu gol aukera, eta Anaitasunaren seigarrena egin zuen 83. minutuan. Nagusitasunez lortu zuen garaipena Anaitasunak.
Egundoko maila ari dira erakusten gorritxoak urtea hasi zenez geroztik, eta sailkapeneko bigarren postua sendotu dute orain. Sei puntura dute Oiartzun hirugarren sailkatua –etxeko hurrengo partida haien aurka jokatuko du Anaitasunak–, eta hamarrera Mondragon laugarrena. Atzekoei, baino, aurrekoari begira dago jarrita Anaitasuna. Irungo (Gipuzkoa) Real Unionek 2-0 irabazi dio asteburuan Oiartzuni, eta beraz, haiengandik hiru puntura jarraituko dute gorritxoek beste aste batez. Datorren zapatuan, Hernaniko (Gipuzkoa) Zubipe zelaian jokatuko du Anaitasunak (15:30).
Ezin Sestaon
Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearen emakumeen taldeak, bestalde, galdu egin zuen Sestaon (Bizkaia), Sestao Riverren aurka; 3-2 erori zen Anaitasuna. Taldea ez zen ondo sartu partidara; kemen handiagoa erakutsi zuten Sestaokoek, eta hala, baloiaren jabetza haiena izan zen aldaratzeak jaso osteko jokaldietan. Gainera, garaiz hartu zuten aurrea markagailuan: 9. minutuan egin zuten sestaoarrek bat eta hutsekoa. Erreakzionatzeko beta handirik gabe, gainera, etxekoek 25. minutua bete aurretik egin zuten bigarrena.
Lehia estutzeko abaguneren bat edo beste izan zuten gorritxoek bi eta hutsekoarekin, baina taldeak ez zuen lortzen bere jokoa egitea. Nolanahi ere, atsedenaldirako bost minuturen faltan lortu zuen gola Anaitasunak; Arette Egigurenek lortu zuen bi eta batekoa, atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen jokaldia behar bezala borobilduta. Atsedenaldirako, bederen, hortzak estutu zituen Orueren taldeak.
Aldageletatik bueltan, gogotsu aritu zen Anaitasuna, eta lehia hasi orduko, 46. minutuan egin zuten binakoaren gola. Pozak, ordea, ez zion gehiegi iraun taldeari, segundo gutxi batzuk geroago egin zuten-eta Sestaokoek hirugarren gola; gorritxoek atzean egindako akatsa baliatu zuten etxekoek markagailuan berriro aurrea hartzeko. Handik aurrera, saiatu bai, baina fruiturik ez zuen jaso Anaitasunak. Taldeak ez zuen lortu bere jokoa egitea; ez zen izan gorritxoen partidarik onena.
Sailkapeneko seigarren postuan dira orain Oruerenak, 37 punturekin. Datorren zapatuan, Añorga B taldearen aurka jokatuko du Anaitasunak, Txerloian. 16:30ean hasita. Sailkapeneko beheko postuetan da Añorgako taldea.