Martxoaren 8a

Itaiak beharrezkotzat jo du emakumeen zapalkuntzarekin amaitzeko "alternatiba iraultzailea" eraikitzea

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 8a

Itaia antolakundeak deituta, herritar ugarik manifestazioa egin dute gaur eguerdian Azkoitiko kaleetan. Azpimarratu dute emakumeen aurkako zapalkuntzaren arduradunak "seinalatzeko" mobilizatu direla, eta faxismoaren eta matxismoaren aurkako borroka aktibatzearen alde egin dute. 

Emakumeen Nazioarteko Egunean, Itaia antolakundeak deituta manifestazioa egin dute gaur eguerdian Azkoitiko kaleetan, eta herritar ugari batu dira dira mobilizaziora. Duela mende oso bat bezala, emakume langileen interesak defendatu eta "borroka iraultzaileari bultzada" eman nahi izan diote gaurko manifestazioaren bidez, eta aldarria egungo testuingurura egokituz, azpimarratu dute emakumeen aurkako zapalkuntzaren arduradunak "seinalatzeko" mobilizatu direla: "Argi izan dezatela: erasotzaileek eta faxistek, aurrean izango gaituzue!". Hain zuzen, antolakundeak beharrezkotzat jo du emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzeko "alternatiba iraultzailea" eraikitzea.

Oraindik orain, emakumeek "zapalduta" jarraitzen dutela salatu du Itaiak, eta azken urteetan emakume langile "askoren" egoera ekonomikoa okertu egin dela gaineratu. "Ikusi besterik ez dago sektore feminizatuetako lan baldintzen egoera penagarria edota emakume etorkinek bizi duten pobrezia. Gainera, instituzioek enpresa munduaren interes ekonomikoak lehenesten jarraitzen dute. EAE-n, adibidez, EAJk zaintza zerbitzuen pribatizazio masiboa gauzatu du, familien eta zaintza sektoreko langileen baldintzak okertuz". Sektore horietan "eskubide politikoak zuzenean kolpatzen" badituzte ere, jantokietan, adinekoen egoitzatan eta beste hainbat esparrutan emakumeek borrokan dihardutela azaldu dute, eta bide horretan, gogora ekarri dituzte Azkoitiko San Jose egoitzako zein etxez etxeko arreta zerbitzuko langileak.   

Horrez gain, emakumeek "egunerokoan" indarkeria matxista sufritzen jarraitzen dutela gaitzetsi dute, eta horren harira, "alderdi ultraeskuindarrak eta asaldatzaile misoginoak" matxismoa "normalizatzen" ari direla azpimarratu dute. "Emakumeok eskubide gehiegi ditugula diote, eta beraz, atzerakada bat proposatzen dute: indarkeria matxistaren aurkako legeak, abortu eskubidea edota osasun zerbitzuak jo puntuan jarri nahi dituzte. Gainera, gezur eta buloen bitartez, faxista horiek matxismoaren existentzia ukatzen dute". Horren aurrean, faxistei argi esan die ez dutela onartuko emakumeak "gizonen mesedetara" egotea, "plazererako objektutzat" hartzea edota emakume etorkizunen aurkako "ehizarik". 

Egoeraren erantzule AEBetako eta Europako oligarkia egin du Itaiak; "izan ere, bai lan baldintzen okertzea, bai eskubide politikoen ezabapena eta baita ideia faxisten eta
matxisten zabalpena ere mendebaldeko oligarkiaren agendaren parte dira. Epsteinen
paperetan agertzen diren oligarka pedofilo eta misogino horien agindupean ezinezkoa da emakume langileon zapalkuntza ezabatzea". Horren aurrean, "urgentziazkotzat" jo dute horri guztiari aurre egitea. 

Bestalde, Itaiaren ustez, "ezker instituzionalak" bere burua "faxismoari aurre egiteko plataformatzat" aurkeztu du, baina "alderdi sozialdemokraten eskutik", emakume langileen "zapalkuntza ekonomiko eta soziala" mantendu egin da azken urteetan, eta testuinguru horretan "faxismoa eta ideia atzerakoiak" indartu baino ez dira egin. "Guztiz irreala da zapalkuntzak gainditu nahi izatea zapalkuntzak betikotzen dituen sistema batean".

Horregatik guztiagatik jo dute beharrezkotzat emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzeko "alternatiba iraultzailea" eraikitzea. Horretarako, batetik, faxismoaren eta matxismoaren aurkako borroka aktibatzearen alde egin du, "faxistak eta erasotzaileak ez dezaten kalean lekurik" izan. Bestetik, emakume langileen "interesak eta problematikak" lehen lerroan jarriko dituen "bide orri iraultzailea" garatzearen alde ere du, eta horretarako, indarkeria matxista eta esplotazio ekonomikoa ezabatzeko baldintzak jarriko dituen "estatu sozialista" eraikitzera indarrak bideratzeko premia azaleratu du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide