Gutuna

Parrokiko teilatua berritzeko lanak

Felix Azurmendi 2026ko martxoaren 9a

Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak honako gutun hau kaleratu du, parrokiako teilatua konpontzeko obren kostuari aurre egiteko, herritarrei laguntza eskatzeko. 

Parrokiko eliz kide eta herritar guztioi, agur:

Aurten, urtarrilean parrokiko teilatua berritzeko lanak hasi dira: elizako bobedatik, hezetasunagatik, eliz barrura puskak erortzen hasi ziren eta. Arrisku handia zegoen. Horrela jabetu ginen gure parrokiako teilatua hondatuta zegoela. Adituek egin zituzten azterketak, eta adierazi ziguten teilatuko egurrezko egitura gaizki zegoela, termitak zeudela eta hezetasunak jota zegoela, eta teilatua ere berritu beharrean zegoela. Aurretik egin ziren lanak duela 35 urtekoak dira. Geroztik "euri asko egin du". Teknikoek, arkitekto eta bestelako adituek, derrigorrez berritu behar dela adierazi ziguten.

Hemen nator, bada, zuei hori bera adieraztera eta zuen laguntza eskatzera. Aurrekontua 780.000 eurokoa da. Kopuru hori parrokiarentzat iritsi ezinezkoa da. Gainezka egiten digu. Baina esan digutenez derrigorrez egin beharra dago. Badut itxaropena denon artean egingarria dugula, eliztar, herritar, enpresa eta erakunde publikoak elkar hartuta.

Denon artean esaten dudanean adierazi nahi dizuedana da, diru laguntzak eskatu ditugula: Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiari eta Azkoitiko Udalari. Parrokiak ere badu fondo bat, Olinpia saldu zenetik gordeta, horretarako hain zuzen. Baina, ezinbestekoa izango da kristau elkartearen eta herriaren laguntza, bestela ez gara iritsiko teilatuaren kostua ordaintzera. Enpresei eta banketxeei ere eskatuko diegu beren laguntza.

Hauek dira espero ditugun diru sarrerak:

  • Eusko Jaurlaritza: 200.000 euro.
  • Gipuzkoako Foru Aldundia: 100.000 euro.
  • Azkoitiko Udala: 100.000 euro.
  • Enpresak: 100.000euro.
  • Kristau herriak: 80.000 euro.
  • Parrokiko funtsa: 200.000 euro.
  • Guztira: 870.000 euro.

Hor sartzen dira: termiten aurkako tratamendua, egurrezko egiturarena eta teilatuarena.

Aurretik, zuen eta erakunde publikoen laguntzak eskertzen ditut. Egiten ari garenak merezi du; izan ere, Azkoitiko parrokia herrian dagoen eraikuntza eta arte lan garrantzitsuena da, hainbat gertakizun burutzeko erabiltzen duguna, bai kristau herriaren fede ospakizunerako, bai hainbat eta hainbat ekintza kulturaletarako.

Zuen diru laguntza emateko prest zaudeten guztiok jakin behar duzue parrokiako obra hau mezenasgo lehentasunezko ekintzetan sartuko dela, eta, beraz, diru emaile partikularrek emandakoaren %30a desgrabatzeko aukera izango dutela, baita enpresei %16 sozietateen gaineko zerga aplikatuta ere.

Ez dakit zer den errazena, eskatzea hala ematea. Eskatzea ez da erreza izaten. Ahal duguna ematea, ekintza on baterako denean, pozik egiten dugu. Pozik ez bada egiten hobe ez egitea.

Hauek dira kontuen zenbakiak:

  • Bizum: 01254
  • Caja Rural Navarra: ES55 3008 0229 1418 02900322
  • BBVA:  ES17 0182 0312 6700  11502654
  • Laboral Kutxa: ES39 3035 OO31 7403  10700964
  • Kutxabank: ES54 2095 5028 7310  61187711
  • Banco Sabadell: ES48 0081 4173 0900  01021309

*Kontzeptuan Azkoitiko parrokiko obrak jarri ezazue.

Har itzazue nire esker on eta agurrik beroenak.

Felix Azurmendi, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokunde parrokiko erretorea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide