Parte hartze handiarekin eta "taupadaz beteta" dator 33. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Maialen Etxaniz 2026ko martxoaren 7a

Taupadaz, korrikaz, festaz leloarekin jokatuko dute nazioarteko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia martxoaren 21ean. Lasterketa motzean nahiz maratoi erdian parte hartze handia izango dela aurreratu dute antolatzaileek, dortsalak agortzear baitaude. Berrikuntzarik gabe eta Diego Garciaren izena eta izana gogoan hartuta egingo dute Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen lasterketa. 

Bi aste barru, martxoaren 21ean, egingo dute Diego Garcia zenaren omenezko 33. nazioarteko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Atzo, ostiralez, egin zuten lasterketaren aurkezpen ofiziala, eta bertan eman zituzten 2026ko edizioaren inguruko xehetasun guztiak. Berrikuntza gutxi eta parte hartze handia izango dira aurtengo proban.

Lasterketaren 33. aldiaren agerraldian izan ziren Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaileak, Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariak, Eusko Jaurlaritzakoak, Iraurgi Berritzeneko turismo arlokoak, Laboral Kutxakoak, Gipuzkoako Atletismo Federaziokoak eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartekoak. Aurkezpeneko argazkia "lasterketaren aniztasunaren eta elkarlanaren" isla dela nabarmendu zuen Azkoitia-Azpeitiaren antolatzaile Agustin Jimenezek, eta nazioarteko maratoi erdian era batera edo bestera ekarpena egiten duten guztiei eskerrak eman zizkien, probaren inguruko azalpen teknikoak eman aurretik. Erakundeetako ordezkari guztiek, haien aldetik, esker hitz onak izan zituzten probaren antolatzaileentzat eta boluntarioentzat. Hain zuzen, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia balore zehatzen bueltan ardazten dela nabarmendu zuten guztiek: gertutasuna, konpromisoa, auzolana eta elkartasuna. 

Aurten, Taupadaz, korrikaz, festaz leloarekin egingo dute Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen lasterketa, Diego Garciaren izena eta izana gogora ekarrita: "Urteak igaro arren, hasierako espirituak bizirik dirau, eta horixe da maratoi erdi honen indar nagusia. Hau da, goi mailako atletak eta korrikalari herrikoiak lerro berean jartzea, elkarrekin taupadaka, elkarrekin korrika eta elkarrekin ospatzen". Izan ere, antolatzaileen hitzetan, lasterketak bi herri hartzen dituen arren, "bihotz bakarra" dauka: "Urtez urte, lasterketa hau festa handi bihurtu da. Bi herriek korrikalarien bihotzaren erritmo berean taupadaka egiten dute, kilometroz kilometro. Ikusleen animoak, boluntarioen lana eta herritarren parte-hartzea dira proba honen arima". Era berean, "taupadaz betetako lasterketa" dela nabarmendu du antolakuntzak. Diego Garciaren ametsa oinarri duena: "Azkoitia eta Azpeitia bihotz-bihotzez lotzen dituen lasterketa bat baino gehiago da hau. Nazioarteko maratoi erdia taupadaz beteriko lasterketa handi bat da, emozioz, oroitzapenez eta bizipozez egindakoa. Lasterketa hau Diego Garciaren amets eta grinetatik jaio zen". Jimenezek aurkezpenean aitortu zuen atleta azkoitiarraren oroimena presente egon arren, urteak joan bezala, gero eta zailagoa dela haren balioak eta esentzia herriratzea eta gizarteratzea, baina antolakuntzatik horretarako ahaleginean ari dela nabarmendu zuten atzokoan. Jende askoren isileko lan boluntarioa du oinarri Azkoitia-Azpeitiak, eta hori "probaren esentzia" ere badela nabarmendu zuten.  

24. korrika dela eta, lasterketaren data aldatzea erabaki zuen probaren antolakuntzak, eta horrek eraginak izan dituen arren, erabakia determinazioz hartu zutela nabarmendu dute antolatzaileek: "Korrikak duen dimentsioa eta garrantzia kontuan hartuta, berehala jarri ginen harremanetan dagokion federazio guztiekin, eta guztien onespena jaso ondoren, data berria jarri eta baieztatu genuen". 

Xehetasun teknikoak eta ordutegiak

Lasterketaren egunerako, ohiko omenaldi eta ordutegiak mantenduko dituzte. 16:05ean ekitaldia egingo diete Diego Garcia, Alejandro Gomez eta Jone Basterraren omenez, familien parte-hartzearekin eta ohorezko aurreskuarekin. Sorpresa bat egongo dela aurreratu zuten antolatzaileek atzoko prentsaurrekoan, baina ez zuten xehetasun gehiagorik eman. 16:15ean hasiko da lasterketa motza; 16:28ean gurpildun partaideena eta16:30ean maratoi erdia –eliteak, afizionatuak eta korrikalari herrikoiak–. Sari banaketa, berriz, 17:45ean egingo dute, Loiola hotelaren ondoan. 

Gaur egun Gipuzkoako maratoi erdi zaharrena da Azkoiti-Azpeitia maratoi erdia, eta aurten ere World Athletics erakundearen Road Race Label bereizgarria izango du. Gipuzkoan izendapen hori daukan maratoi erdi bakarra da Diego Garciaren omenezkoa, eta Gimnastica Uliako lasterketarekin batera, errepideko lasterketetan bereizgarri hau duten gutxietako bat da Euskal Herrian. Azken urteetan bezala, Gipuzkoako Maratoi Erdi Txapelketa ere jokatuko da Azkoitia-Azpeitian, Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin elkarlanean antolatuta. Antolakuntzak 3.000 euroko sariak banatuko ditu lehen bost gipuzkoarrentzat.

Dortsalak ohiko dendetan jaso ahal izango dira martxoaren 18ra bitarte..Gainerakoak lasterketa egunean bertan banatuko dira, Azkoitiko Julio Urkijo kalean, 12:00etatik 16:00etara.

Korrikalariak Azpeititik Azkoitira eramateko autobusa jarriko dute antolatzaileek. Aurrena 14:30ean aterako da Ikasberriko biribilgunetik, eta azkena 16:00etan. Horrez gain, korrikalariek Azpeitiko igerilekuko dutxak eta aldagelak erabili ahal izango dituzte. 

Dortsalak, agortzear

Antolatzaileek aurreratu dutenez, parte hartzea handia izango da, lasterketa motzean nahiz maratoi erdian. Emakumeen parte hartzeak gora egin du, eta lasterketa motzean, esaterako, parte hartzaileen artean gehiago dira emakumeak. Horri lotuta, Laboral Kutxak egindako ekarpena eskertu dute Azkoitia-Azpeitiako antolatzaileek, enpresak emakumeen kirola eta parte hartzea sustatzeko egindako lanagatik. 

Horrenbestez, agortzear daude dortsalak –bukatu ez badira, datozen egunetan amaituko dira–, eta datuak ikusita "balorazio oso positiboa" egin dute antolatzaileek. Hona hemen parte hartzeari lotutako zenbait datu: 

Maratoi erdia

  • Parte-hartzaileak: 1.250
  • Gipuzkoarrak: 850
  • Gizonak: %79
  • Emakumeak: %21

Lasterketa motza

  • Parte-hartzaileak: 650
  • Gipuzkoarrak : 520
  • Gizonak: %44,2
  • Emakumeak: %55,8

Bisita gidatuak

Lasterketak turismorako "erakargarritasuna eta potentziala" duela ikusita, hainbat bisita gidatu egin zituzten iaz Loiola inguruan, Azkoitia-Azpeitia probaren inguruko xehetasunak azaldu ez ezik, inguruotako ondarea erakusteko. Aurten ere bisita gidatuak antolatu dituzte lasterketaren egunerako, Iraurgi Berritzeneko turismo sailarekin elkarlanean. 

Bisitak 10:00etan hasiko dira Loiolako Turismo Bulegoaren aurrean. Aurrena, Diego Garciaren estatua bisitatuko dute, eta azkoitiarraren bizitzaz eta ibilbideaz azalpenak emango dituzte. Ondoren, Loiolako Santutegia bisitatuko dute. Izen-ematea doakoa izango da, eta honako telefonora deituta egin daiteke: 688 759 429. 

Maila handiko atletak 

Korrikalari herrikoiak eta elitekoak elkartzen dituen lasterketa da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, baina antolatzaileek garrantzia handia ematen diete elitekoei eta elitera salto egiteko aukera dutenei. Aurten, Urolako Trena maratoiko antolatzaileekin batera, Otso enpresaren bitartez zenbait atleta keniarren parte hartzea bermatu dute; izan ere, iaz hainbat arazo izan zituzten Keniako atletak lasterketara ekartzeko. Martxoaren 21ean haien indarrak neurtuko dituzten zenbait atleten izenak aurreratu zituzten atzoko aurkezpenean.

Besteak beste, Mark Kosgey Kiptook, Victor Kinpgetich Cheruiyotek eta Denis Kipkoechek parte hartuko dute proban; azken bi horiek Urolako Trena maratoi erdian parte hartu zuten duela bi aste, eta Gipuzkoan jarraitzen dute ordutik. Reuben Mosin Mosip, Daniel Lemaiyan Sankei eta Artur Bossy ere izango dira Azkoitia-Azpeitian. Emakumeetan, Urolako trenaren maratoi erdia osatu zuten keniarrak dira lasterketa irabazteko faborito: Purity Chepchirchir Kipkoech, Caren Jeruto, Esther Chemtai Sichei eta Vivian Jelagat Rop. Horiez gain, Irene Sanchez Escribano eta Elena Loyo izango dira Diego Garciaren oroimenezkoan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide