Martxoaren 8a

Ikastetxeek askotariko ekintzak egin dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

Ane Olaizola

Floreaga ikastetxeko ikasleak kalera atera dira goizean, emakumeek kudeatzen dituzten saltokietara, haiei esker onak ematera. Xabier Munibe ikastolan, berriz, Sorkunde Garate futbolari ohiaren bizipenak entzun dituzte. 

Martxoaren 8aren atarian, Emakumeen Nazioarteko Eguna lehen lerrora eramateko tartea hartu dute gaur ikastetxeetan, eta askotariko ekintzak egin dituzte horretarako. 

Floreaga ikastetxean, esaterako, herriko emakume langileak aitortzeko eta haiei eskerrak emateko kalera atera dira ikasleak. Emakumeek kudeatzen dituzten hainbat saltokitara joan dira horiek, haien eguneroko lanari eta ekarpenari balioa emateko asmoz. Era berean, ikasleek prestatutako diploma bana eta pipeta moreekin egindako loreak banatu dizkiete merkatari horiei. 

Xabier Munibe ikastolan, bestalde, euskal emakume "errebeldeak" ezagutzeko tartea hartu dute, eta herritik atera gabe, Sorkunde Garate eskolako irakaslearen bizipenak entzun dituzte hango ikasleek. Izan ere, futbolari ohia da Garate, eta horretarako bidea eta beste hainbat lorpen izan ditu hark hizpide. Era berean, orduko kamisetak eta garaikurrak erakutsi dizkie ikasleei. 

Argazki gehiago ikastetxeen webguneetan aurkitu daitezke. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide