Azkoitiko eta Reinosako (Espainia) altzairuaren laminazio trenen ekoizpena bateratzeko erabakia hartu du Sidenorrek. Enpresak ohar bidez jakinarazi du "merkatuaren egoerak" bultzatu duela lantegia erabaki hori hartzera. Azken urteetan, "eskaerek behera" egin dutela adierazi du enpresak, eta nabarmendu du dagoeneko "egiturazkoa" dela jaitsiera. Erabaki horren ondorioz, Azkoitiko laminazio trena itxiko du Sidenorrek, eta Reinosara lekualdatuko dituzte Azkoitiko lantegiko 36 behargin.
Nolanahi ere, enpresaren esanetan Tren Handiak bateratzeko erabakiak ez du suposatuko "ondorio traumatikorik" langileentzat; izan ere, Azkoitiko lantegian lanean ari ziren 36 langile horiek beren lanpostuei eutsi ahal izango diete Reinosan. "Aspalditik datoz eskaeren jaitsierak eragindako merkatu arazoak. 2022ko urrian, beharrezkoa izan zen Reinosako laminazio trena gelditzea eta ekoizpena Azkoitian kontzentratzea, lehenik sei hilabetez eta ondoren epe mugagabean. 2023ko urrian berrartu zen jarduera Reinosan, 2024rako hobetu egin ziren-eta merkatuaren aurreikuspenak". Hala eta guztiz ere, aurreikuspen horiek ez ziren bete gero, eta horren eraginez, aldi baterako lan erregulazio txostena ezarri behar izan zuen enpresak Azkoitiko eta Reinosako lantegietan, 2024ko apiriletik 2025eko urrira bitartean.
Harrezkero, hainbat neurrien bidez "egoera arintzen" saiatu da enpresa, baina merkatuan eskariek izandako jaitsieraren eraginez hartu du Sidenorrek bi trenak bateratzeko erabakia. Hori hala, bi laminazio trenen ekoizpena Reinosara bideratuko du enpresak aurrerantzean. "Gaur egungo lan karga ez da nahikoa antolakuntza eta produkzio ikuspegitik, bi trenak martxan mantentzeko". Sidenorrek adierazi du gaur eman diela erabakiaren berri Azkoitiko enpresa batzordeari eta sindikatuen ordezkariei.