Martxoaren 8a

Mugimendu antifeministen eta diskurtso misoginoen aurka "irmo" egiteko eskatu du udalak

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 8a

Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Otsailaren 25eko udal osoaren ohiko bilkura onartu zuen udalak M8aren inguruko erakunde adierazpena. Testuak berdintasunaren defentsa aldarrikatzen du. Mugimendu antifeminista "goraldian" dagoela dio udalak, eta hori diskurtso erreakzionarioetan eta misoginoetan adierazten dela. 

Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Gaurko egunaren harira, Azkoitiko Udalak erakunde adierazpena onartu zuen otsaileko udalaren osoko bilkuran, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeen aldeko botoarekin. Testu horren bidez, mugimendu antifeministen eta diskurtso misoginoen aurka "irmo" egiteko eskatu die udalak herritarrei, erakundeak berak horien aurka lanean jarraituko duela berrestearekin bat. 

Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak "inor ez isiltzeko" eskatu du. "Berdintasun arloan egindako aurrerapenak ukaezinak dira, baina eskubide hori ondo zaindu eta babestu beharra daukagu. Gaur-gaurkoz ezin dugu ezer bermatutzat eman, eta berdintasunik gabe, ez dago askatasunik. Borroka honek konpromiso kolektiboa eta erabatekoa eskatzen du, gizartearen atzerakadaren lekuko izan nahi ez badugu. Diskurtso erreakzionarioak eta misoginoak desagerrarazi behar ditugu, eta berdintasuna defendatu esparru guztietan, uneoro eta leku guztietan". 

Era berean, erakunde adierazpenak berdintasunaren defentsa aldarrikatzen du. "Berdintasunaren defentsa egitea ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko. Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean nahiz duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu, baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere".

Hona hemen Azkoitiko Udalak Martxoaren 8rako onartu duen erakunde adierazpena: 

"Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea.

Gaur, ahotsa irmo altxatzen dugu berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, bere diskurtsoa zokoratzen eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.

Historian zehar berdintasunaren aurrerapenen aurrean gertatu den bezala, mugimendu antifeminista baten goraldian gaude gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena. Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea bilatzen dute. Diskurtso antifeministak erasoaldi politikoki eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu.

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko.

Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.

Martxoaren 8an, euskal udalek dei egiten diegu herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta irmo egon gaitezen lortutako eskubideak defendatzeko eta, atzera pausurik gabe, berdintasun errealerantz eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.

Horregatik, Azkoitiko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Gure udalerrian diskurtso misogino eta antifeministei aurre egiteko eta informazio faltsuen hedapena desaktibatzeko sentsibilizazio kanpainak eta ekintzak sustatzen jarraitzea.
  • Tokiko eremutik lehentasunezko kolektiboekin esku hartzea, haien jarrera antifeministak eta maskulinitate toxikoak desmuntatzeko.
  • Baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten.
  • Berdintasun zein Barne Planen bidez, udal funtzionamenduan zein gobernantza ereduan urratsak ematea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.

Dei egiten diegu herritarrei bat egin dezaten Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, tokian-tokian antolatzen diren deialdiekin eta aldarrikapenekin".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide