Martxoaren 19an, San Jose egunez, egingo dute egunaren izenaren jabe den trikiti jaialdia. Hitzordu horren 36. edizioa izango da aurtengoa, eta 17:30ean hasita hainbat trikitilari igoko dira Soreasu antzokiko agertokira.
Aurten, Azkoitiko Martirieta auzoko hiru kide omenduko dituzte trikiti jaialdiaren antolatzaileek: Mailu Sudupe Zubizarreta eta Joakin Sudupe Zubizarreta Egurrola anai-arrebak eta Joxe Mari Arrizabalaga Sakristaua. Trikitilariak dira Joakin Sudupe eta Joxe Mari Arrizabalaga, eta pandero jotzailea da Mailu Sudupe. Hiru musikariek egindako ibilbideari aitortza egingo diote hala antolatzaileek.
Ohi bezala, trikitiaren munduan bidea urratu duten hainbat lagunek parte hartuko dute soinu txikiaren eta panderoaren festan. Honako musikari nahiz talde hauek parte hartuko dute jaialdian: Trikipote; Sahatseta, Ansorregi eta Larrañaga; Trikilintxo; Xabier Etxaniz eta Uxue Kerejeta; Azkoitiko Gazteak; Izer eta Alabier; Imuntzo, Beloki, Jauregi eta Jokin Sudupe Egurrola; eta Iker Allur, Axier Garate Txibilter, Itzeder zein Lidia.
Emanaldirako sarrerak hamabost eurotan eskura daitezke Kulturaz kooperatibaren webgunean. Sarrera gutxi batzuk baino ez dira gelditzen.