Azkoitiko AEK-k Korrika Kulturalaren barruko hitzorduetako bat egin zuen atzo, asteazkena, Elkarguneko Oteiza aretoan. Batetik, Urak eginen du bide dokumentala eman zuten han, eta herritar ugari elkartu zen hura ikustera. Adituen eta pertsona ezagunen elkarrizketen eta testigantzen bidez, gaur egun euskarak ikus-entzunezkoen munduan duen egoera aztertzen zuen dokumentalak.
Dokumentalaren proiekzioaren ondoren, bestetik, Ioritz Gonzalez Pantailak Euskaraz mugimenduko kide azkoitiarraren txanda izan zen; hark mugimendu hori aurkeztu zuen, haren lan egiteko modua zein den azaltzearekin bat. Ikus-entzunezko edukietan euskarak duen presentzia "anekdotikoaz" eta horren ondorioez kezkatuta sortu zuten hainbat eragilek Pantailak Euskaraz mugimendua 2020an. Euskarazko eskaintza digitalak bermatu ditzaten, erakundeak mugiarazten dihardu ordutik lantalde horrek.

Herri bazkarirako, 250 lagun
Martxoaren 28an igaroko da 24. Korrika Azkoititik, eta ordurako egun osoko egitaraua prestatzen dihardute Azkoitiko AEK-koek. Egitarau horren barruan, Korrika iritsi aurretik, herri bazkaria egingo dute herriko plazan (14:30). Euskal Parrillakoek prestatuko dituzte helduentzako eta haurrentzako menuak, eta AEK-k jakinarazi duenez, dagoeneko 250 lagunek eman dute izena. Nolanahi ere, AEK-k aurreikusten du 500 bat lagunek emango dutela izena.
Bazkarirako izen ematea zabalik dago martxoaren 18ra arte; AEKren bulegoan eta Dean tabernan eskuratu daitezke txartelak. Helduentzat entsalada mistoa, baserriko oilaskoa eta txerri saiheskia parrilan, pasteltxoak eta ogia, kafea nahiz edariak eskainiko dituzte (25 euro), eta haurrentzat iberikoak, urdaiazpiko kroketak, parrilan erretako oilaskoa, izozkia, ogia eta edariak (18 euro). Gluten gabeko menua, laktosa gabeko menua edota menu beganoa ere eskatzeko aukera ere izango dira, eta menu horietako bat nahi dutenek galdetegi hau bete beharko dute.