Sei puntuko beste takada bat

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 2a

Gorritxoak zapatuan lortutako hiru goletako bat ospatzen. (Anaitasuna)

Emakumeek 2026. urteko seigarren garaipena eskuratu du Gasteizko Lakua taldekoen aurka. Sailkapenena koska bat egin du gora hiru puntuak batuta. Gizonek, berriz, liga txapelketako zelairik zailenetako batean urrezko hiru puntu batu dituzte; Real Union liderragatik hiru puntura kokatu da orain Anaitasuna.

Anaitasuna futbol taldeak sei puntuko beste takada bat lortu du asteburuan. Zapatuan, emakumeek 3-0 hartu zuten mendean Lakua Vitoria-Gasteiz taldea Txerloian, eta atzo, gizonek 2-3 irabazi zuten Beti Gazteren aurka, Lesakan (Nafarroa). 

Iñigo Oruesagasti Orue-ren taldeak bikain ekin zion lehiari; hasieratik erakutsi zuten gorritxoek irabazteko nahia, eta baloiarekin bezain ondo aritu ziren baloirik gabe. Gasteizkoei presio ona eginda, neurketa kontrolpean izatea lortu zuen Anaitasunak, eta hala, laster hartu zuen aurrea markagailuan: korner aldaratze baten ostean lortu zuen Leire Uzinek etxekoen aldeko lehen gola, 7. minutuan. 

Lakua taldeak, bestalde, ezer gutxi egin ahal izan zuen Anaitasunaren nagusitasunari aurre egiteko. Bisitariek apenas lortzen zuten Anaitasunaren area zapaltzea, eta iritsi ziren apurretan gorritxoen atezaina ziur aritu zen baloiak urruntzen. Gainera, atsedenaldira iritsi aurretik lortu zuten Oruerenek bi eta hutsekoaren gola. 33. minutuan, taldeko jokaldi eder bat josi eta gero, June Diazek area ertzetik lortu zuen Anaitasunaren gola, jaurtiketa dotorea eginda. 

Atsedenaldiaren ondoren ere izan zituzten etxekoek abantaila handitzeko abaguneak, eta horietako batean lortu zuen markagailua behin betikoz itxiko zuen gola egitea. Korner jokaldi batean, Gasteizkoek beren atean egin zuten gola. Amorrazioak eraginda, ondorengo minutuetan bisitariak Anaitasunari min eragiten ahalegindu ziren zelaian, oldarkorrago arituta, baina azken asteetan bezainbesteko sendotasuna erakutsi zuten Oruerenek defentsako lanean. Naira atezainaren geldiketek ere atea hutsean mantentzea ahalbidetu zuten. 

Sailkapenean ere koska bat egin dute gora Oruerenek. Zazpigarren postutik seigarrenera igo dira gorritxoak; 37 puntu dituzte orain. Datorren igandean, Sestao River taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Anaitasunak. Sailkapeneko 11. postuan dago Sestaoko (Bizkaia) taldea, 23 punturekin.

Sailkapena estutuz

Gizonen taldeak, bestalde, urteko bidaiarik zailenetako bat egin behar izan zuen atzo, igandea. Lesakako Beti Gazte taldearen zelaian aritu ziren Loren Barbadoren gizonak, eta gorritxoek urrezko hiru puntu batu zituzten: 2-3 irabazi zuten, galtzen hasi eta gero. 

Esperotako partida jokatu zuten Beti Gaztek eta Anaitasunak; gorritxoei egokitu zitzaien jokoaren pisua eramatea neurketa guztian zehar. Nafarrak, berriz, Barbadorenek baloia noiz galduko itxaron zuten, gero trantsiziora jokatzeko; kontraerasora ateratzea eta gorritxoei min egitea izan zen etxekoen asmoa. Anaitasunak ondo garatzen zuen jokoa, baita gauzatu ere, baina azken metroetan ordura arteko guztia borobildu ahal izateko osagaia aurkitu ezinda aritu zen. 

Etxekoek, bien bitartean, geldikako jokaldi baten bitartez eskuratu zuten jokoan ordura arte lortu ezin zutena. 27. minutuan, hegaleko falta erdiraketa baten ondoren egin zuten Lesakakoek bat eta hutsekoaren gola. Anaitasunaren defentsako lerroaren bizkarrera jokatu zuten nafarrek, handik berriro baloia area erdialdera jokatzeko. Anabasa sortu zen baloi hura lortzeko borrokan, eta azkenean, Beti Gaztek baloia Alain Sudupe atezainaren ate barruan sartu zuten. 

Golaren ondoren, baina, azkar eta ondo erreakzionatu zuen Anaitasunak. Jokamoldea aldatu zuen taldeak, eta zelaian erosoago aurkitu zuen bere burua hala. Gainera, segituan lortu zuen lehia berdintzea. Oihan Etxanizek egin zuen banakoaren gola, 40. minutuan, Julen Aramendiren pasea jasota. Hori gutxi ez, eta atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian Galder Guembek lortu zuen Anaitasunaren bigarrena, korner aldaratze bat jaso osteko jokaldian. 

Anaitasunak atsedenaldira joan aurreko jokaldian egin bazuen gola, handik itzuli bezain laster lortu zuten Lesakakoek berdinketarena. 46. minutuan, alboko sake bat azkar jokatzeko aukera sortu zitzaien etxekoei, eta Anaitasunako azken atzelariaren bizkarrera jokatuta, Suduperen ate aurrean bakarrik gelditu zen etxeko jokalari bat. Hala egin zuten binakoa nafarrek. 

Binakoaren ondoren ere ez ziren kikildu gorritxoak. Etxekoak lehen zatian baino gorago kokatu ziren zelaian berdinketa lortutakoan, baina Barbadorenei ez zien gehiegi eragin aldaketa horrek. Gainera, 68. minutuan bi eta hirukoaren gola egin zuten Azkoitikoek. Julen Larramendik ezker hegaletik erdiratu zuen baloia, eta Ander Pastrian aurrelariak erremate ona eginda lortu zuen gola. Handik aurrera emaitzari eustea izan zuen xede Anaitasunak, eta horretarako gai izan zen. Geldikako zenbait jokalditan etxekoak saiatu ziren lehia berdintzen, baina ezer gutxi egin zuten puntu bat pilatu ahal izateko.

Lesakan hiru puntu batuta, are gehiago estutu du Anaitasunak Gipuzkoako Ohorezko Maila. Sailkapenaren buruan den Irungo (Gipuzkoa) Real Unionek berdindu egin zuen bigarren astez jarraian, eta hala, Anaitasunak beste bi puntutan murriztu du haiekiko aldea. Orain, hiru puntura kokatu da Barbadoren taldea: 50 puntu ditu Real Unionek eta 47 puntu Anaitasunak. Datorren igandean, Borja Rocha entrenatzaile azkoitiarraren Elgoibarren aurka jokatuko dute gorritxoek, Txerloian (17:00). 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide