Bebarruko bilera baten gorabeherak, Baztartxoko taula gainera

Aroa Zamora 2026ko martxoaren 5a

'Segunda convocatoria' antzezlaneko argazki bat. (Urrup Antzerkia)

Azkoitian aurkeztuko du Urrup Antzerkia Ordiziako antzerki talde amateurrak bere azken lana: Segunda Convocatoria. Emanaldia gazteleraz izango da.

Hogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbidearekin jarraituz, Urrup Antzerkiak, Ordiziako antzerki talde amateurrak, Segunda convocatoria antzezlana aurkeztuko du zapatuan, Baztartxo antzokian (19:00). Gizarteak bizi dituen arazo eta kezkak islatuko dituzte udaleko Berdintasun arloak antolatutako komedia dibertigarri horretan.

Bebarruko bilerara deitu dituzte eraikin bateko bizilagunak. Batzuk aspalditik zeuden egun hori noiz iritsiko zain, baina beste batzuentzat derrigortutako hitzordua da, ez dute-eta bilerara joateko gogorik izango. Gai-zerrenda, itxuraz, edozein auzo-batzarrena da, baina partaide bakoitzaren kezkek nahiz obsesioek eta gizartean agintzen duen matxismoak zipriztinduko dute bilera. Batzarra 19:30ean hasiko da, azkenean, bigarren deialdian, baina inork gutxi espero duen moduan amaituko da.

Umorea eta ironia baliatuz murgilduko dira Urrup antzerki taldeko aktoreak Segunda convocatoria obrako bizilagunen bileran: Nekane Aramendi, Itsaso Ortega, Marisol Cavero, Gorka Lariz, Jose Luis Elorza, Inaxio Lakunza, Ana Martinez eta Martin Etxebarria igoko dira oholtzara. 

Bebarruko bilera ez da ekintza komunitario isolatua izango, gizartean pairatzen diren arazoak eta kezkak irudikatuko dituzte, emakumeek jasaten dituztenak batik bat: amatasuna, zaintzak, indarkeria matxista, lan-prekarietatea, sexu-armairuak, kanon estetikoen esklabotza, dena ikusten duen begi digitala... Ana Martinezek idatzi eta Rosa Rojok zuzendu duen obrak Urrupek aurretik jorratutako gaiak azpimarratzen ditu, oro har. Inor ez da axolagabe aterako ezkutuko gai zerrenda duen bigarren deialdi horretatik.

Segunda convocatoria antzezlana ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude; Entradium atarian eskuratu daitezke 3 eta 5 euro artean, honako lotura honetan eros daitezke. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide