Martxoaren sartzearekin batera, Aingeru Guardako eguna ospatu dute gaur, igandea, azkoitiarrak. Eguraldi eguzkitsua lagun eta igandea izaki, herritar askok eta askok egin du Aingeru Guarda ermitara joateko plana. 12:30ean izan da eguneko meza nagusia han, baina elizkizunei ekin baino lehenago ere jende asko ikus zitekeen hara joateko bide bazterretan.
Ermitaren atarian herritar ugarik piztu dituzte kandelak elizkizunei ekin aurretik. Gaur, Manolo De la Encina jesuitak zuzendu ditu mezak Aingeru Guardan. Dozenaka lagun elkartu da haren meza entzuteko, eta urtero moduan, askok kanpotik jarraitu behar izan dute elizkizuna. 13:15ean izan da eguneko bigarren elizkizuna, hura Egurbidekoek basomutilen alde antolatutakoa. Batzuek mezen aurretik eta besteek ondoren, gutxi izan dira gaur etxera esku hutsik itzuli direnak; izan ere, erroskillak erosteko eguna ere bada gaurkoa azkoitiarrentzat.