Mirari ukitudun garaipena Caceresen

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 1a

Domusa Teknik ISBko jokalariak Caceresen garaipena ospatzen. (Iraurgi Saskibaloia)

Domusa Teknik ISB hamabost puntu atzetik zen atsedenaldian, baina Agirrerenek garaipenean sinetsi dute bigarren erdian, eta lehiari buelta eman diote. Arauzko denbora igarota zela, ordulariak zero markatzen zuela, bi puntu pilatu dituzte otsoek jaurtiketa libreen lerrotik, eta sasoiko bederatzigarren garaipena eskuratu dute.

Domusa Teknik ISBk miraritik gertu dagoen garaipen horietako bat eskuratu zuen atzo, zapatua, Caceresen (Espainia). Luis Agirrerenek 72-74 hartu zuten mendean Alter Enersun Al-Qazeres taldea beren kantxan, eta hala, zapore gozo-gozoa duen garaipena pilatu zuten, sasoiko bederatzigarrena. 

Ordea, lehen bi laurdenak ikusita inork gutxik espero zezakeen ISBkoen garaipena. Etxeko taldeak erasoko joko bikaina egin zuen lehen hogei minutuetan, eta atsedenaldira 49-34 iritsi zen aurretik. Dena ongi atera zitzaion Caceresko taldeari. Erasoan ezin hobeto jokatu zuten etxekoek, eta hala, jaurtiketa kopuru ugari egin zituzten, sarritan emaitza ona lortuz. Domusa Teknik ISBk, berriz, ez zuen jakin Cacereskoen eraso oldeari erantzuten, baina unerik txarrenean ere hortzak estutu zituzten otsoek, partidan beren aldeko egoerak sortuko ziren itxaropenarekin. 

Desiratutako iraulia, hain justu, atsedenalditik bueltan iritsi zen ISBrentzat. Etxekoei gauzak okertzen hasi zitzaizkien; jaurtiketa ugari huts egin zituzten, eta Agirrerenek une hori baliatu zuten hamabost puntuko zuloa betetzen hasteko. 6-20ko partziala lortu zuen ISBk hirugarren laurdenean, eta lehia pare-parean jarri zuten azken laurdena jokatu aurretik. Caceresko jokalariak erabat urduritu ziren orduan, eta otsoak guztiz hazi (55-54). 

Azken une estua

Domusa Teknik ISBk azken laurdenean gauzatu zuen miraria. Azkoiti-Azpeitiko taldeak azken laurdenean ere garbi erakutsi zuen aurreko laurdenean egindako lana errepikatzeko asmoa zuela. Otsoen kemenak ez zien lagundu etxekoei lasaitzen, erasoko ideiak erabat lurrundu baitzitzaizkien haiei. Ordea, hanka-sartzeak konpontzeko aukerak izan zituzten etxekoek, eta lehia estutu zitekeen punturaino estutu zuten.

Arauzko denbora amaitzeko minutu pasatxo falta zela, 70-71 zen aurretik Domusa Teknik ISB. Etxekoek berriz ere aurretik jartzeko aukera izan zuten hurrengo jokaldian, baina jaurtiketan kale egin zuten. 20 segundo geratzen zirela, etxekoek falta azkar bat egin zuten, baina jaurtiketa libreen lerrotik puntu bakarra pilatu zuen ISBko Leaupepek. Amaierarako lau segundo besterik gelditzen ez zirenean lortu zuten etxekoek partida luzapenera eramango zuela zirudien saskiratzea (72-72), baina arauzko denbora igarota zela, ordulariak zero markatzen zuenean, Leaupepek berriro jaurtiketa libreen lerrora jo zuen, eta azken saiakera hartan ez zuen barkatu; bi jaurtiketak asmatuta, ISBrentzako garaipena ziurtatu zuen hark. 

Sasoiko bederatzigarren garaipena erdietsi zuten atzo Agirrerenek, eta hala, sailkapeneko bederatzigarren postuari eutsi ahal izan diote. Skylar Van izan zen atzo ISBkoen artean onena, 17 puntu saskiratuta eta 13 errebote pilatuta, 28 puntuko balorazioa eskuratu zuen hegaleko pibotak. Datorren zapatuan, martxoak 7, etxean jokatuko dute otsoek Melilla Ciudad Deporte La Salle taldekoen aurka. Azkoitiko Elkargunean jokatuko dute sailkapeneko laugarrenen aurka, 13:00etan hasita. Atzo lortutako garaipena beste batekin korapilatzea izango dute xede ISBko otsoek. Gizonen Biele ISB taldeak, berriz, atseden astea izan du. Haiek datorren igandean jokatuko dute hogeigarren jardunaldiko partida, Toledon (Espainia). CB Toledo Basket izango dute arerio Iñigo Nuñezenek igandeko 12:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide