Boluntarioen laguntza eskatu dute Ostiral Santuko "tradizioari bizirik" eusteko

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 1a

Ostiral Santuko prozesioko pauso bat. (Ane Olaizola)

Ostiral Santuko prozesioetan pausoak eramateko edota nazarenoz nahiz aingeruz janzteko behar dituzte boluntarioak Sustatuz taldekoek. Eginkizun horiek egin nahi dituztenek galdetegi bat bete beharko dute martxoaren 16rako.

Asteak besterik ez dira gelditzen Aste Santurako, eta Ostiral Santuko prozesioak antolatzeaz arduratzen den Sustatuz taldeak boluntarioei egin die dei. Mendez mende herrian bizi den "tradizio ederra prestatzeko unea" iritsi da Sustatuz taldekoentzat, eta hala, Ostiral Santu arratsaldean nahiz gauean pausoak eramateko helduak behar dituzte baita nazarenoz edo aingeruz janzteko haurrak ere.

Azkoitian Ostiral Santuko prozesioa ez da "gaurko kontua" bakarrik. "XVI. mendetik hona gurutzetik jaistea bezalako erritu xumeetatik abiatu zen ohitura, eta XVIII. mendean tradizio barrokoaren eraginez, indar berezia hartu zuen, gaur egun arte iraun duena". Hain justu, Sustatuz taldekoek Ostiral Santuz herrian bizi ohi denaz zenbait zertzelada eman dituzte. "Ostiral Santuko prozesioan irudiak eta eskulturak kalerik kale eramaten dira. Ilunabarrean, berriz, giro berezia sortzen dute Hilobiratze Santuaren prozesioan kandelek, isiltasun sakonak eta armatuen kolpe zirraragarriek nahiz doinu konprimituek", adierazi dute. 

Hori hala, aurten ere boluntarioei eskatu diete laguntza. Prozesioan kalera aterako dituzten pausoak eramateko gizon-emakume helduei egin diete deia, eta nazarenoz edota aingeruz jantziko diren haurrei. Aingeruz jantzi nahi duten haurrek 7 edo 6 urte baino gutxiago izatea eskatu dute. "Gure herriko tradizio handi hau guztion artean egiten da. Animatu eta izan zaitez horren parte". Ostiral Santuko ekintza horietan parte hartu nahi dutenek honako galdetegi hau bete beharko dute martxoaren 16a baino lehen. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide