Urolako AEK-k antolatuta, eta Azkoitiko Anaitasuna, Azpeitiko Lagun Onak eta Zestoako Agiro mendi taldeek lagunduta, 24. Korrikaren aldeko mendi irteera egin dute gaur, zapatua, Xoxote mendira.
Zestoatik 09:15ean eta Azkoititik nahiz Azpeititik 09:30ean abiatuta, Xoxote mendian egin dute topaketa dozenaka mendizalek eta euskaltzalek. Beste urte batez, asko izan dira egitasmoarekin bat egin dutenak, eta horiek guztiak Xoxoteko aterpetxearen bueltan elkartu dira. Talde argazkia egin eta gero, hamaiketakoa egin dute denek elkarrekin.
Gaur goizeko mendi irteera Urolako AEK-k antolatu du, Korrika Kulturalaren barruan. Nolanahi ere, mendi ibilaldia ez da izango Korrika Kulturalaren barruan Azkoitian egingo duten ekintza bakarra; izan ere, datorren asterako beste hitzordu bat prestatu dute euskaltegikoek.
Martxoaren 4an, asteazkenean, Urak eginen du bide dokumentala emango dute Elkarguneko Oteiza aretoan (18:00). Adituen eta pertsona ezagunen elkarrizketen eta testigantzen bidez, gaur egun euskarak ikus-entzunezkoen munduan duen egoera aztertzen du dokumentalak. Dokumentalaren proiekzioaren ondoren, gainera, Ioritz Gonzalez Pantailak Euskaraz mugimenduko kide azkoiatiarrak hitzaldia eskainiko du.
Bazkarirako izen ematea
Bestalde, Azkoitiko euskaltegiak herri bazkaria egingo du 24. Korrika Azkoititik igaro aurretik, herriko plazan. Martxoaren 28an, larunbatez, 18:30 inguruan iritsiko da euskararen aldeko egitasmoa Azkoitira, eta haren aurretik, 14:30ean, "indarrak hartzeko" otordua egingo dute plazan.
Euskal Parrillakoek prestatuko dituzte helduentzako eta haurrentzako menuak. Helduentzat 25 euroko menua prestatuko dute haiek: entsalada mistoa, baserriko oilaskoa eta txerri saiheskia parrillan, pasteltxoak eta ogia, kafea nahiz edariak. Haurrentzat, berriz, iberikoak, urdaiazpiko kroketak, parrillan erretako oilaskoa, izozkia, ogia eta edariak eskainiko dituzte; 18 euro balio du haurrentzako menuak.
Herri bazkari horretarako txartelak aurrez erosi beharko dira. Hain justu, etzi, astelehena, jarriko dituzte salgai txartelak Azkoitiko AEKren bulegoan (Kultur Etxeko hirugarren solairua) eta Dean tabernan; martxoaren 18ra arte egongo dira salgai txartelak. Dena den, euskaltegiko arduradunek adierazi dute bazkaritarako lekua "mugatua" dela.
Eskainiko dituzten bi menu horiez gain, gluten gabeko menua, laktosa gabeko menua edota menu beganoa ere eskatzeko aukera ere izango dira. Horretarako, baina, txartel arrunta erosi beharrean, hiru menu berezi horietako bat behar dutenentzako galdetegia prestatu dute AEK-koek. Martxoaren 18a baino lehen bete beharko dute horiek ere galdetegi hau.