Aizpurutxoko Itziar jatetxeko jangela handia goraino beteta jokatu zuten atzo, ostirala, Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren barruan Urola Erdiko azken finalerdia. Jon Gurrutxaga, Oihana Labiano eta Suhar Gesalaga azpeitiarrak aritu ziren Txemaizterrak taldean, eta Oskar Alberdi, Gorka Olaizola eta Aitor Salegi zestoarrak Erralla taldean. Azpeitiko taldea nagusitu zen lehian; haiek hamabi puntu batu zituzten atzoko bertso afarian, eta bederatzi puntu eskuratu zituzten Zestoakoek.
Saio polita eta jostaria osatu zuten bi taldeetako bertsolariek, gaiak lurreratzeko nahiz kontrarioei eztena sartzeko ahalegina eginez eta aurreko ariketei-eta keinuak eginez. Publikoak ez zuen alde nabarmenik antzeman bi taldeen arteko jardunean, eta epaiaren garaian bazen jakin-mina. Emaitza jasota, konforme geratu ziren sei bertsolariak, eta gustura egindako lanarekin. Herriartekoa ez baita txapelketa zurrun bat, herriartekoa giro bat da, plaza bat, lagunarte bat, bertsoaren inguruan dantzan aritzekoa.
Horrenbestez, erabakita geratu da Urola Erdiko adarraren finalean nor arituko diren bertsotan: Txemaizterrak taldekoen kontra Zaharrak Berri taldeko bertsolariak arituko dira: Haritz Etxeberria Ministro, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga. Martxoaren 13an, ostiralez, jokatuko dute Urola Erdiko finala, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan, 22:00etan hasita. Orduan irabazten duen taldeak aurrera jarraituko du Herriarteko txapelketan; izan ere, Gipuzkoako eskualdeetako irabazleak elkarrekin gurutzatuko dira ordutik aurrera. Urola Erdiko irabazleak Urola Kostako adarrean garaile ateratzen denaren kontra abestuko du, apirilaren 18an.
(Argazkiak: Erniarraitz bertsozale elkartea)