Azkoitiko Sare Herritarrak deituta, kalera atera ziren atzo, ostirala; otsaileko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek, herriko plazan.
Sareren arabera, otsaila "hilabete nahaspilatsua" izan da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen inguruan. "Iraganera iltzatuak nahi gaituztenek buru-belarri jardun dute zilegi eta legezkoa den etxeratze prozesua kutsatu nahian", adierazi du.
"Euskal Herriak etorkizunari eta elkarbizitzari begira diezaion ezinbestekotzat jotzen dugun etxeratze prozesua jopuntuan izan da azken egunotan zenbait kazetariren eta hedabideren partetik, eta prozesua bera eta gure aldarrikapenaren beharra nabarmendu nahi ditugu beste behin", erantsi du Sarek.
Emakumeen eskubideak aldarri
Martxoaren 8a bertan dela eta, testuinguru horren harira ere egin ditu adierazpenak dinamikak: "Espetxean ere, emakumeek sufritzen duten zigor gehitua beste behin salatu nahi dugu. Gizonek eta gizonentzat pentsatua dauden espetxeetan, emakumeentzat ezinbesteko diren bizi beharrak asetzea aldarrikatuko dugu aurten ere, eta dei egiten diogu gizarte zabalari herri eta eskualdeetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartu eta emakume euskal presoen eskubideen defentsa egin dezaten".
Sare Herritarraren arabera, datozen hilabeteak "erabakigarriak" izan daitezke euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratze prozesuan. "Konponbidearen bidean sakondu eta horrenbeste behar eta merezi dugun bakea eskuratzeko lanean berresten gara. Ondorio guztiekin amaituta lortuko dugu elkarbizitza justu eta iraunkor batera igarotzea, eta, horretarako, ezinbestekoa da norberak bere esparrutatik logika horretan ekarpenak egiten jarraitzea. Guk ere bide horretan jarraituko dugu ekarpenak egiten", erantsi du Sarek.