Ur txorroten parkeak jaso ditu boto gehien aurrekontu parte hartzaileetan

Iraia Oteiza 2026ko otsailaren 27a

Herritarrek bi multzotan banatutako proiektuak bozkatu dituzte. Aurrekontu handieneko proposamenen artean ur txorroten parkearena izan da bozkatuena; aldiz, 18.000 eurotik beherakoetan, beste hamar proiektu aukeratu dituzte.

Azkoitiko Udalak jakinarazi ditu aurrekontu parte hartzaileetako emaitzak, eta bozketa fasea amaituta, erabakita geratu da zertara bideratuko dituzten aurtengo aurrekontuetan txertatu dituzten 300.000 euroak. Udalaren arabera, aurrekontu handieneko proposamenen artean, 229.000 euroko aurrekontua duen ur txorroten parkea izan da herritarrek gehien eskatu dutena; 537 boto jaso ditu guztira. 

Herritarrek bi multzotan banatutako 23 ekarpenen artean egin behar izan dute aurtengo aurrekontu parte hartzaileen aukeraketa. Zerrenda batean 18.000 eta 250.000 euro arteko aurrekontua duten hamar proiektu zeuden, eta bestean, 18.000 eurora arteko aurrekontua duten beste hamahiru. Herritarrek, zerrenda bakoitzean gehienez hiru proposamen bozkatu ahal izan dituzte. Udalak 300.000 eurotik 50.000 euro erabiliko ditu 18.000 eurotik beherako proiektuak gauzatzeko, eta gainontzeko 250.000 euroak aurrekontu handiagoko egitasmoentzat izango dira. 

Hori horrela, aurrekontu handieneko zerrendan, ur txorroten parkea izan da bozkatuena, eta bigarren zerrendan honako hauek izan dira boto gehien jaso dituzten proposamenak, hurrenez hurren: nerabeentzat jarduera gehiago antolatzea (569 boto), markesinen irisgarritasuna hobetzea (460 boto), desfribiladore gehiago jartzea eta trebatze ikastaroak antolatzea horiek erabiltzen ikasteko (408 boto), Floreagako aldaparen eta Joseba jatetxearen arteko zebra bideko segurtasuna hobetzea (338 boto), eta eserleku gehiago jartzea herrian zehar (280 boto).

Beste bost proposamen txertatuta

Prozesuan zozketa bidez hautatutako herritarrek osatutako Berme Batzordeak parte hartu du. Hamalau pertsonak osatu dute taldea, eta bozketa balioztatzeaz eta aurrekontuko partida koadratzeaz arduratu dira horiek. Izan ere, bozketak ikusita, bi aukera plantea zitezkeen. Lehenengo multzoan, behin ur txorroten parkea aukeratuta, 21.000 euro geratzen ziren esleitzeko. Berme Batzordeak 21.000 euro horiek bigarren multzora pasatzea hobetsi zuen, proiektu gehiago aurrera ateratzeko modua eginez. Udalak dioenez, irizpidea argia izan zen, eta gehiengoak babestu zuen ahalik eta onuradun gehien izatea, kosturik txikienarekin.

Berme Batzordearen erabakiak beste bost proposamen gauzatzea dakar, beraz: Izarraitz bidea Aitzatik gora garbitzea; herriko bi gunetan iturriak jartzea; Aizkibel kalean, Correos parean, zebra bidea margotzea; Elkargunean bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea, eta txakurrentzako bi iturri ipintzea.

Udalak adierazi duenez, udaleko alderdi guztiek prozesuarekiko eta emaitzekiko konpromisoa berretsi dute, eta hautatutako proposamenak gauzatzeari ekingo diete. 

1.263 herritarren botoak

Bozketa fasean 1.263 herritarrek bozkatu dute, hainbat eskoletako ikasleen parte hartzea ere kontuan hartuta. Udalak emandako datuen arabera, bozketan parte hartu dutenetatik 366 emakumeak izan dira, 267 gizonak, eta zortzi bitarrak ez direnak. Adin tarteei dagokienez, 31 eta 45 urte artekoetan jaso da boto gehien; 198, hain zuzen. Eta 65 urtetik gorakoetan gutxien; 61 partaide izan dira. Era berean, beste datu bat ere eman du erakundeak: partaidetzako aurrekontuak landu dituzten ikastetxeetatik jasotako botoak 566 izan dira. 

Udalak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten guztiei, baita Berme Batzordea osatu dutenei ere. 

Berme Batzordea osatu duten herritarrak, Elkargunean. (Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide