Larunbaterako, hilaren 28rako, zuhaitzak landatzeko irteera antolatu du Urola Bizirik taldeak Munoaundira. Landaketak egiteko sasoi betean, ehun bat zuhaitz landatuko dituzte han, tartean, haritzak, gaztainondoak eta arteak.
Azkoitiko Abaraxka aterpetxearen aurrean elkartuko dira larunbatean, 09:30ean, eta handik Munoaundirako bideari ekingo diote. Lanak amaitu ostean, mokadutxo bat egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Urola Bizirik taldeak herritar oro gonbidatu du ekimenean parte hartzera.