Substantzien eta jokabide adikzioen prebentziorako bigarren plana onartu du udalak

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 26a

Udal talde guztien aldeko botoarekin, aho batez onartu zuten atzo erakundearen adikzioen prebentziorako bigarren plana. Lehen planaren bidez garatutako prebentzio politiken ebaluazioaren "ondorioa" da bigarrena, eta oposizioko udal talde guztien babesa du. Bestalde, atzokoa izan zen Unai Urkijo idazkariaren azken udalbatzarra; Azkoitiko Udala utziko du hark martxoaren 9an. 

Azkoitiko Udalak otsaileko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, udaletxeko osoko bilkura areto nagusian. Udalean ordezkaritza dute lau udal taldeetako kideek bost puntuko eguneko zerrenda izan zuten eztabaidatzeko. Gai horien artean zen adikzioen prebentzio komunitarioko II. Udal Plana, 2025 eta 2029 urteen artekoa, onestea, eta lau udal taldeek aho batez onartu zuten. 

Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak eman zituen plan horri buruzko azalpenak: "Gaur egun substantzia bidezko adikzioez gain, gero eta presentzia handiago dute adikzioa eragiteko potentziala duten jokabideek ere, hala nola apustu-jokoek, teknologia digitalen erabilera problematikoek edota kontsumo konpultsiboak. Fenomeno horiek osasunari ez ezik, harremanei, bizikidetzari eta gizarte kohesioari ere eragiten diete". 

Atzo onartu zuten plana, baina, ez da Azkoitiko Udalaren lehen plana; izan ere, 2020 eta 2024 urteen artean ere indarrean izan zuen erakundeak lehen plana. Hain justu, haren indarraldia amaitu ondoren hasi zen udala bigarren egitasmoa osatzeko lanketarekin. "Udalak beharrezkotzat jo zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarritako politikekin eta ildo estrategikoekin bat datorren tokiko bigarren plana egitea", adierazi zuen Zubillagak. 

Hori hala, aurreneko planaren bidez garatutako prebentzio politiken ebaluazioaren "ondorioa" da bigarren plana. Plana diseinatzeko prozesuan herrian dagoen substantzien, teknologia digitalen eta apustuen kontsumo erabilerak aztertu ditu udalak, eta azterlan hori gauzatzeko, hainbat bidetara jo du erakundeak. Batetik, 835 ikasleri zabaldu diete kontsumo ohituren inguruko galdetegia eskoletan, eta bestetik, parte hartzeko foroak eta herritarrei zuzendutako galdetegia zabaldu dituzte. 

Zubillagaren esanetan, bigarren planak adikzioen "ikuspegi integrala" hartzen du, bai substantziazko, bai jokabide-adikzioak barne hartuz. "Esku hartze maila desberdinak jasotzen ditu, eta hainbat esparrutan garatuko da, besteak beste, eskolan, familian, komunitatean eta aisialdian", esan zuen zinegotziak. Bigarren plana "parte hartzean eta lankidetzan" oinarritutako plana dela erantsi zuen hark. "Kultura, Gizarte Ongizatea, Berdintasuna eta Prebentzioa, Udaltzaingoa eta Gazteria Zerbitzuko arduradun teknikoen eta ordezkari politikoen ekarpenak ditu jasota". Zinegotziak adierazi du plan horrek "datozen urteetarako norabidea" zehazten duela, eta Azkoitiko Udalaren "konpromiso sendoa" islatzen duela adikzioen aurkako "jarduera eraginkorrak" sustatzeko eta koordinatzeko. 

Ana Azkoitia alkateak adierazi zuen udalaren iragarki taulan iragarriko dutela orain plana, eta udalaren webgunean ere datozen egunetan egongo dela ikusgai plana bere osotasunean. 

Oposizioaren baiezkoa

Gainerako udal taldeek ere aho batez babestu zuten udal gobernuak egindako aurkezpena, batzordeetan egin bezala. EH Bilduko Asier Altunak, esaterako, esan zuen plan hori "ezinbestekoa" eta "behar-beharrezkoa" dela. "Erronka handi bat dugu aurrean, bai substantzien kontsumoari dagokionean, bai jokabidezko adikzioei dagokionean. Gure etorkizuna izango direnen zaintza dugu erronka, eta horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu plan hau, osasun publikoari ikuspegi integral bat ematea ahalbidetuko du eta".

Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxanizek ere baiezkoa eman zuen. Hark esan zuen udal talde bakoitzak bere ekarpenak eta aldaketak egiteko "nahikoa tarte" izan duela. Era berean, jakinarazi zuen plan horrek datozen lau urteetarako 46 bat ekintza jaso dituela. Adikzioen prebentzioa "funtsezkoa" dela adierazi zuen, bestalde, Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak. "Planak ikuspegi integrala du, eta prebentzioa eskolan eta familia komunitate mailan lantzea ahalbidetuko du. Mezua argia da: prebentzioan inbertitzea beti da inbertsio ona herriarentzat". 

Urkijo idazkariaren agurra

Azken urteetan Azkoitiko Udaleko idazkaria izan den Unai Urkijok atzo izan zuen bere azken udalbatzarra Azkoitian, martxoaren 9a izango du-eta hark azken eguna Azkoitiko Udalean. Ana Azkoitia alkateak galde-erreguen puntuan iragarri zuen Urkijoren agurra, eta esker hitzak zuzendu zizkion hari: "Funtzionarioen eta udal langileen artean estabilizazio sistema bat jarri dute martxan, eta azkenaldian joan-etorri handia ari gara ikusten udaletxe barruan; batzuk joan egiten dira eta besteak etorri. Kasu honetan, Unai agurtzea egokitzen zaigu, pena handiz. Eskerrak eman nahi dizkizut Unai udal honetan egin duzun lan guztiagatik, eta zorterik onena opa dizugu zure ibilbide berrian; ziur gaude ondo joango zaizula", esan zion Azkoitiak Urkijori. Gainerako udal taldeetako bozeramaileek ere eskertu egin zituzten idazkariaren laguntza eta prestutasuna.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide